Osasun mentaleko sarearen egoera salatu du ELAk

Osakidetzaren hautua geriatria-oheak kendu eta arreta anbulatorioa indartzea da, baina ohe itxiera eremu anbulatorioaren garapena baino askoz azkarragoa izaten ari da, horrek bi eremuen kolapsoa ekarri du.
Saturazio egoera hau arintzeko asmoarekin alta goiztiarrak ematen ari dira, ondorioz, berrospitaleratze egoerak berriro-gaixotzeen egoerak errepikatzen ari dira, Osakidetza kontrolatzen ari ez den estatistika bat.
Arreta anbulatorioaren kasuan, batzuetan hamabostaldiko azterketak hileroko bihurtu behar izan dituzte.
Oheak ixteko joera handia bada, Zaldibarko Ospitalearen kasuan izugarria da; eta horrela jarraituz gero, laster barru itxi beharko dute. Izan ere, urrian kendu ziren 35 oheekin 75 izango dira azken 5 urteotan kendu direnak, ospitale horrek zituen ohe guztien herena baino gehiago.
Beldur gara Osakidetzaren asmoa ez ote den Gipuzkoako kudeaketa psikiatrikoaren eredua zabaltzea, hau da, ospitale-arreta zeharo pribatizatzea.
Gainera, ez dago benetako plangintza estrategikorik, ezta profesional nahikorik, ezta prestakuntza egokirik ere.
Bereziki deigarria da osasun mentaleko erizain espezialisten urritasuna. Espezialitate hori ezarri zenetik Osakidetzak 10 pertsona baino ez ditu prestatzen urtean espezialitate horretan; kopuru oso txikia da, argi eta garbi, dauden plazak bete ahal izateko.
Eskandaluzkoa da, era berean, behin-behineko pertsonalari prestakuntza ez ematea erasoen prebentzioaren arloan, oso gai kritikoa baita esparru horretan. Eta horren ondorioz, kasu askotan errehabilitazio-protokoloaren aurkako praktikak burutzen dira.
Horregatik guztiagatik, ELAk benetako inbertsio bat eskatzen du osasun mentalerako, eta baita plangintza ere, behar-beharrezkoa baita kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko. Zehazkiago, Zaldibarko Ospitaleko ohe guztiak iraunarazteko, eta ospitale horretako azpiegiturak hobetzean inbertitzeko eskatzen dugu.