OSAKIDETZAREN MAHAI SEKTORIALA

Osasun Sailak ez ditu mahai sektorialean Osakidetzaren arazo nagusientzako neurriak eztabaidatu nahi

2024/09/09
Osakidetzak irailaren 10erako deitu du Mahai Sektoriala, Jaurlaritza berria osatu ondotik bigarrena, eta gai zerrenda ikusita, ez dira landuko osasungintzak beharrezkoak dituen gaiak eta neurriak, ezta sindikatuek landu nahi dituzten bestelako gaiak ere. Izan ere, Osasun Sailak sindikatuekin proposatutako gaiak bi bakarrik dira: emergentzietako egora orokorrean, ELAren ustez larria dena, eta medikuen aparteko orduen ordainketa, zehazki larunbat eta jaiegunetan ospitaleetan mediku bisitak egiten duten langileen ordainsariak hobetzea planteatzen da.

Hortaz, Osakidetzaren Mahaiak jarraitzen du sindikatuen eskariei bizkar ematen eta betiko neurriak proposatzen alde bakarrez, osasungintzaren egoera iraultzeko auziei heldu gabe.

Osakidetzako ospitaletan ingresatuta pazienteen mediku arreta ezin da eten asteburuetan eta jaiegunetan. Bada, ezinbesteko beharrizan hori autokontzentrazioaren bidez kudeatzen du Osakidetzak, hau da, aparteko orduen bidez. Horrek esan nahi du, medikuaren borondatearen arabera jasoko duela pazienteak arreta, eta ondorioz, medikuaren lan-karga handituko dela, bere ohiko jardunetik kanpoko lana izango baita. Neurri hori epe laburrekoa eta zerbitzuaren kalterakoa da. ELAk behin eta berriz adierazi duenez, erretiroei erreleboa emateko plangintza falta da eta lan baldintzak hobetu behar dira hutsune horiei aurre egiteko, besteak beste. Osasun Sailak, ordea, ez ditu gai horiek mahai sektorialean eztabaidatu nahi.

ELAk Lehendakariari 80 neurri zehatz dituen dokumentua eman zion eskura Ajuria Eneako bileran, horietako asko Osakidetzaren inguruko neurriak dira. Alberto Martinez Osasun Sailburuari ere helarazi dio, eta bihar beste hainbeste egingo du mahai sektorialean. Hain zuzen ere, honako hauek dira Osakidetzarako ELAren proposamen nagusiak:

  • 24 ordutan arreta jasotzea lehen arretan. Aurrekontuaren % 25 lehen arretara bideratzea.
  • Itxaron zerrendak murriztea.
  • Buru osasuneko plantilla handitzea eta zerbitzu horren pribatizazioak/deribazioak lehengoratzea.
  • Plantilla egonkortzea, aparteko kontsolidazio prozesuen bidez.
  • Belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko plan bat ezartzea.
    Autokontzertazioa (aparteko orduak) ezabatzeko plan bat ezartzea. Horretarako, plantillak indartu behar dira, arreta baliabide arruntekin eman ahal izateko.
  • Osakidetzako langileen lan baldintzak negoziatzea eta hobetzea, kategorien arteko ekitateari eutsiz. Funtsezkoa da kategoria eta profesional guztien garrantzia azpimarratzea.
  • Langile sanitarioaren prestakuntza espezializatuko eskumena eskatzea, Osakidetzaren beharretara egokitutako programa bat ezartzeko.
  • Osasun pribatuak egiten duen Osakidetzaren aprobetxamendua murriztea.
  • Osakidetzako barne tresna guztiak euskaraz ere erabil daitezkeela bermatzea. Osakidetza euskalduntzeko plan integrala abian jartzea.
  • Garapen profesionalerako eredu berri bat abian jartzea.
  • Anbulantzia zerbitzua publiko egitea.

Premiazkoa da benetako neurriak abian jartzea Osakidetzaren arazo larriak konpontzeko. Horretarako plaza ere bada Osakidetzako mahai sektoriala, bertan baitaude sindikatu guztien ordezkaritza. Aldiz, Jaurlaritzak ez du mahai hori neurriak hartzeko baliatu nahi.