Osasun Sailak uko egin dio bere lan baldintzak berritzeari
Gaur, martxoak 25, Osakidetzako Mahai Sektorialak egindako bileraren ondoren, ELAk berretsi du Osasun Sailak ez duela asmorik bere langileen lan baldintzak hobetzeko. "Jarrera hori bereziki larria da Osasuneko sailburua behin eta berriz eskatzen ari zaionean Espainiako Gobernuko Osasun ministroari urratsak eman ditzala medikuen aldarrikapenei erantzuteko, Osakidetza aldarrikapen horietatik kanpo egongo balitz bezala", dio. "Berriro ere, Madril aitzakia perfektua da. Hala ere, ahaztu egiten zaio esatea bere esku dagoela langileen arazoak konpontzea, adibidez, 24 orduko nahitaezko guardia medikoak kentzea ", gaineratu du ELAk.
Sailburua Madrilera begira dago, baina ELAk deitoratu du ez dituela bere betebeharrak betetzen Osakidetzan eta bere plantillaren lan-baldintzak berritu gabe mantentzen dituela.
Medikuak hainbat greba egun egiten ari dira Espainiako estatuan. ELAk ziurtatu du egunotan grebara ateratzen ari diren Osakidetzako medikuak langile horien ezinegonaren adibide ona direla, eta ezinegon hori areagotu egin dela azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak egindako politiken ondorioz: murrizketa zuzenak, inbertsiorik eza, langile falta, lan-kargen igoera, % 20ko erosahalmen metatuaren galera, % 43ko behin-behinekotasuna (gaur egun, iraupen luzeko 19.326 aldi baterako langile daude)...
Azken urteotan, ELAk grebak eta mobilizazioak bultzatu ditu Osakidetzaren egiturazko arazoak salatzeko eta konponbideak eskatzeko.