Osasun Sailak zalantzan jarri du erizaintzako unibertsitate prestakuntzaren kalitatea
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak sendagaiak preskribatzeko erizainak akreditatzeko prozedura arautzen duen Agindua argitaratu du. ELAren ustez Osasun Sailak zalantzan jarri du erizaintzako unibertsitate prestakuntzaren kalitatea, lanbide-esperientziarekin edo prestakuntza osagarriarekin osatu behar dela uste baitu.
Osasun Sailaren Aginduaren argitalpenaren aurrean, ELAk honako hau adierazi nahi du:
- Erizainek dagokien lege-estaldura izan behar dute agintzen zaizkien zeregin eta eginkizun guztiei dagokienez, eta agindu honek lege-estaldura hori ahalbidetzen du.
- Hala ere, esku hartzen duten osasun-lanbide bakoitzaren eskumen-eremua errespetatu behar da, erizaintzari berezkoak ez dituen eskumenak esleitzera bideratutako ihesbiderik erabil ez dadin, funtzio horiek kostu txikiagoan egiteko helburu bakarrarekin. Ildo horretan, esleitzen zaizkien funtzioak ikusita, profesionalen espezializazio eta erantzukizun-mailaren araberako aitorpen profesionala eta ekonomikoa bermatu behar da.
- Agindu honen bitartez, Osasun Sailak gutxietsi egiten du erizainek jasotzen duten prestakuntza akademikoa, uste baitu prestakuntza horrek ez duela behar besteko kalitaterik. Hala, profesional horiek beren lanbideari dagozkion funtzioak egin ditzaten, antzinatasun jakin bat edo prestakuntza-ikastaro bat gainditzea eskatzen zaie, eta horrek unibertsitateetan ematen den prestakuntza akademiko arautuaren kalitatea zalantzan jartzea dakar.
- Nolanahi ere, eta gaur argitaratutako Aginduaren edukia ikusita, dagokion egiaztapena lortzeko prestakuntza-ikastaro bat egin behar den kasuetan, ikastaroa doakoa izatea bermatu behar da.
Halaber, uste dugu prestakuntza hori lanaldiaren barruan eman beharko litzatekeela; izan ere, bestela, prestakuntza-karga guztia langileen gain utziko litzateke, lana eta familia uztartzearen ikuspegitik.