TXAGORRITXU (GASTEIZ)

Ospitaleko larrialdiak kolapsatu direla salatu du ELAk

2023/12/13
Gasteizko Txagorritxu ospitaleko larrialdiak (Arabako ESIrako operatibo bakarrak) kolapasatu egin dira aurreko zubiko asteburuan, eta jendeak lurrean itxaron behar izan du, 12 ordu baino gehiago. Langile, prestakuntza eta espazio faltagatik egin dute gain larrialdiek, eta Arabako ESIko murrizketen ondorio da.

Egoera hori ez da ezusteko baten ondorio izan, baizik eta Osakidetzaren kudeaketa eskasaren eta zerbitzuaren etengabeko okertzearen emaitza da. Izan ere, San Martingo EAGa itxi zenetik, Olagibel EAGko espazio, material eta langile faltagatik, eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxierarekin, herritar guztiak Txagorritxuko larrialdietara joan behar dute, eta egoera jasanezina da, bai pazienteentzat, bai langileentzat.

ELAk hasieratik ohartarazi zuen Santiago ospitaleko larrialdiak ixteak arazoak eragingo zituela. Izan ere, herritarrek bi EAGk eta bi larrialdi zerbitzu zituzten eskura lehen, eta orain, guztiek Txagorritxuko larrialdietara jo behar dute. Bada, Txagorritxun lehengo espazio zein langile kopuru bera daude. Gainera, orain lehen artatzen ez ziren larrialdiak dituzte, eta ez dute prestazio egokirik jaso. Horregatik, langileak kezkatuta daude larrialdietara jotzen duten pazienteen osasunarekin.

Gainera, Lehen Arretaren egoerak ez du laguntzen. Hitzorduen atzerapenengatik eta, aldi berean, gabonak direla eta osasun zentroetan ezarritako murrizketengatik (gero eta lehenago aplikatzen direnak), herritarrek larrialdietarako jotzen dute, osasun zentro bat balitz bezala.

Egoera horrek langileen baldintzak okertu ditu, gainezka baitaude. ELAk salatu nahi du osasun publikoa etengabe desegiten ari dela, eta horregatik eskatzen ditu langile gehiago, baita lan baldintzak negoziatzea eta Santiagoko larrialdiak eta San Martingo EAGa lehengoratzea ere.