OSAKIDETZA

Sagardui sailburuari mahai sektorialera joateko eskatu diote sindikatuek

2023/04/03
ELAk, SATSEk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk eskaera formal bat erregistratu dute. Bertan Gotzone Sagardui sailburuari eskatu diote Mahai Sektorialaren hurrengo bilerara joateko eta abenduaren 7ko bileran egin zizkioten planteamenduei erantzuteko, baita bi greba-egun deitzea eragin duten aldarrikapenei erantzuteko ere.

Negoziaketa erabat blokeatuta dago. Osakidetzak izapide huts bihurtu du mahaia, eta alde bakarrez hartzen ditu erabakiak, sindikatuon gaiei jaramonik egin gabe. Sindikatuek planteatutako gaiak tratatzeari eta negoziatzeari uko egiten dio sistematikoki.

Sindikatuek eskatuta, abenduaren 7an bilera bat izan zuten Osasun Sailarekin. Bertan, sindikatuek euren ezinegona adierazi zioten Osakidetzararekin harremantzeko moduagatik, bere erabakien aldebakartasunagatik eta langileen lan-baldintzen murrizketagatik. Era berean, detektatuta dituzten arazoak eta gabeziak jakinarazi zizkioten, planteatuta dauzkaten aldarrikapenak eta Mahai Sektorialeko bileretara ez joatea justifikatzen dutenak. Bilera horretan hitz eman zuen Sailburuak aztertuko zituela eta erantzuna emango ziela.

Hilabete hauetan egoera ez da aldatu, eta, beraz, bi greba-egun deitu behar izan dituzte sindikatuek maiatzaren 18rako eta 19rako. Sailburuaren azken adierazpenetan negoziaziorako eta elkarrizketarako prest dagoela adierazi du.

Erabakiak hartzeko boterea bere eskuetan dagoenez, ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek eskaera formal bat erregistratu dute. Helburua: sailburua hurrengo Mahai Sektorialera joatea, negoziazio kolektiboari berriro ekitea, egoera bideratzea eta irekitako gatazkari irtenbidea ematea.

Ezinbestekoa da Sailburuaren parte hartze horrek bilerari edukia emateko balio izatea. Alferrik izango litzateke bere parte hartzea, forma zaharrak alde batera uzten ez badira. Horregatik, sindikatuek eskatu dute bilera horretan honako eduki hauek jorratzeko: %4ko osagarria parekatzea; Lanbide Garapena: 2022ko deialdia eta ebaluazio-eredu berria; greba-deialdia eragiten duten aldarrikapenak (besteak beste, hauteskunde esparru berriak).

Osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.