SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k Osakidetzak bizi duen egoera larria salatu dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian

2020/12/23
EAEko hiru hiriburuetan egindako manifestazioetan osasun sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoei irtenbidea ematea exijitu dute. Ildo horretan, premiazko bilera bat eskatu dute Osasuneko sailburuarekin, eta gogorarazi dute abenduaren 14an eskatu zutela, inolako erantzunik jaso gabe. Informazio eta negoziazio kolektiborako eskubidea ez dela errespetatzen salatu dute. "Langileen aitortza ez da existitzen euskal Administrazio Publikoko enpresarik handienean", laburbildu dute. Mobilizazioak urtarrilaren 28an bukatuko dira, greba egunarekin bat eginez.

SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak zeharkatu dituzte, osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria salatzeko eta Osakidetzaren egiturazko arazoei irtenbidea emateko eskatzeko. Azpirratu dutenez, lehendik ere baziren arazo horiek pandemiarekin larritu egin dira.

"Azken hamarkadako murrizketa-politikek kolpatutako osasun-sistema bat dugu, eta egoera hori, zalantzarik gabe, larriagotu egin da egungo osasun-krisiarekin; martxotik pairatzen ari garen pandemiak muturrera eraman ditu bai langileak, bai osasun-sistema publikoa bera, eta agerian uzten ari da urrundik datozen egiturazko gabezia batzuk, Osasun Sailak ez baitu konpontzeko borondaterik erakutsi", deitoratu dute.

Adierazi dutenez, Mahai Sektoriala bost hilabetez bildu gabe egon ondoren, azaroaren 26an eta abenduaren 10ean egindako bilerek egiaztatu zuten Osakidetzak ez zuela inolako borondaterik pairatzen dituen egiturazko arazo larriei behingoz heltzeko eta konpontzeko. "Are gehiago, COVID-19ren lehen olatutik 8 hilabete igaro direnean, Osakidetzak argi eta garbi planteatu du plantilla estutzen jarraitzeko asmoa, pandemiari aurre egiteko plan bakarra baita".

Gogorarazi dute urteak daramatzatela salatzen bai gure osasun-sistema publikoak dituen egiturazko arazoak, bai Osakidetzaren eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza.

Gauzak horrela, sindikatuek mobilizazioak iragarri zituzten abenduko asteazkenetan eta urtarrileko ostegunetan, eta urtarrilaren 28an greba egingo dute.

Egoera larria zenez eta Osakidetzak erantzunik eman ez zuenez, abenduaren 14an premiazko bilera bat eskatu zuten Osasuneko sailburuarekin. Bada, gaur egun, ez dute inolako erantzunik jaso.

"Gure historiako osasun-krisirik larrienean gaude, eta horrek premiazkoagoa egiten du gure osasun publikoa indartzea eta haren gabezia larriak leuntzea eta konpontzea. Hori dela eta, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen digu Osakidetzari eta Osasun Sailari. Osakidetzak behar dituen premiazko konponbideak martxan jartzen ez badira, mobilizazioak areagotuko ditugu", baieztatu dute.