SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek kontzentrazioak egin dituzte Osakidetzako grebaren atarian

Sindikatuek diote Osakidetzak negoziatzeari uko egiten jarraitzen duela, inposizioaren eta propagandaren alde eginez. Erakunde publikoak atzo, maiatzak 3, publiko egin zuen egonkortze tasa jarri dute adibide gisa. “Beste behin ere, komunikabideen bitartez jaso dugu albistea, sindikatuokin ezer negoziatu gabe. Gainera, iragarritako 2.800 plazak ez dira nahikoak aldi baterako 24.000 langile baitaude (% 58)”.
Ziurtatu dute Osakidetzak aldarrikapen bakar bat ere ez duela aintzat hartu, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan greba masiboa egin ondoren eta maiatzaren 16ko grebaren atarian egon arren.
“Erabat onartezina da langileei bizkarra ematea eta Mahai Sektorialari gutxieneko edukiak ukatzea. Onartezina da Eusko Jaurlaritzak 2021ean 605 milioi euro aurreztu dituela dioen bitartean, eta Arartekoak herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzuari buruz jasotako kexen kopuruaren igoeraren berri eman ostean, Osasun Sailak negoziatzeari uko egitea”.