Sindikatuek negoziaketa eta diskriminazioekin bukatzea exijitzen dute Osakidetzan
2015eko maiatzaren 26tik ez da Osasun Mahai Sektorialaren bilerarik izan. Hala ere, Mahaian ordezkaritza dugun sindikatu guztiok beronen deialdia egitea eskatu genuen aho-batez aurtengo uztailan Urdulizko Ospitalearen irekiera azter zedin. Ospitale honen irekierari buruz jaso dugun informazio guztia Eusko Legebiltzarretik jaso dugu. Eta orain Osakidezak Mahai Sektorialera deitu gaitu abenduak 23rako jadanik erabaki guztiak itxita daudenean eta urtarrilaren 1etik aurrera martxan jarriko dituztenean. Sindikatuok Urdulizko Ospitalearen kudeaketak %100 publikoa izan behar duela defendatzen jarraitzen dugu. Langileen ordezkaritza osoak aho-batez egindako eskaerari kasu egingo ote dio Osakidetzak?
Era berean, ez da Mahai Sektorialik deitu 2012an ebatsitako aparteko ordainsariari buruzko eta antzinakotasunagatiko lizentzia egunei, “kanoso” moduan ezagutuak, buruzko 10/2015 Dekretua aztertzeko. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden bi Sailetan, Justizia eta Ertzaintzan, jadanik lizentzia egun hauek eskaini dituzte.
Beste hainbat negoziaketa gai garrantzitsuri buruzko negoziaketarik ere ez da izan, hala nola jardunaldia, ordezkapenak, garapen profesionala edo langileak finkatzeko balioko duen 2016rako EPE deialdiari buruzkoak, baina Osasun Sailburuak jadanik esan du EPE berri bat izango dela. Argitarapen honek, gainera, 2015eko EPEan izena eman duten langile guztiak ezinegon egoeran kokatu ditu. Egindako lan guztiak zerbaitetarako balioko ote die?
Hau dena Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren harropuzkeria eta jarrera antidemokratikoaren beste adibide bat da. Ez dago Osakidetzako langileekiko inolako errespeturik. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak langile hauei tratu txarrak ematen dizkiete eta beste Sail batzuekiko diskriminatu egiten dituzte. Osakidetzak bilerak bere erabakiak txalotzeko bakarrik nahi ditu, baina sindikatuak ez gara txalo-jotzaileak eta berehala Mahai Sektorial berri bat deitzea exijitzen dugu, langileei interesatzen zaizkien gai guztiekin eta benetako negoziaketa bat eman dadin.
Horregatik guztiarengatik, datorren abenduaren 23an elkarretaratze bat burutuko dugu Osakidetzako Gasteizeko Zuzendaritzaren aurrean, negoziaketa erreala eta Urdulizko Ospitalearen kudeaketa publikoa aldarrikatzeko.