OSAKIDETZAKO MAHAI SEKTORIALA

Sindikatuek salatu dute aldebakarreko erabakiak hartzeko tramite hutsa bilakatu nahi dutela

2023/03/09
SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk uste dute gaur, martxoak 9, Osakidetzak deitutako mahai sektoriala “adarjotzea” dela. Izan ere, duela 7 egun eskas, Osasuneko Mahai Sektorialeko kide diren sindikatu guztiek erabaki zuten martxoaren 1erako deitutako bilerara ez joatea, Osakidetzak ez zituelako aintzat hartu haien aldarrikapen eta eskaerak. Bada, astebete geroago, Osakidetzak beste bilera bat deitu du, eta, gai zerrendako puntu bakar gisa sartu du aurreko bileran aztertu beharreko gaien zerrendan sartu zituen 6 puntuetako bat; gainerakoak ezabatu ditu, eta azken orduan sindikatuen eskaerekin zerikusirik ez duen bigarren bat sartu du.

Osakidetzak badaki aurreko bilerako gai zerrendako 6 puntuak ikusita sindikatuek mahaira ez joatea erabaki bazuten, ez dutela deialdi berrian parte hartuko, kontuan hartuta aurreko bilerako 6 gai horietako bakarra sartu duelako gai ordenean. “Planteamendu hori zentzugabea da, eta helburu bakarra dauka: Mahai Sektoriala Osasun Sailaren aldebakarreko erabakietarako izapide huts bihurtzea. Bilerara deitzen du gaia Mahai Sektorialetik igarotzeko legezko izapidea betetzeko, alegia, alde bakarreko erabakiekin aurrera jarraitu ahal izateko”.

SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk adierazi dute Osakidetzako Zuzendaritzak eta sailburuak badakitela zergatik ez diren joan Mahai Sektorialaren bileretara, hau da, benetako negoziaziorik ez dagoelako eta existitzen ez den negoziazioa antzezteko asmoa dagoelako. Ildo beretik, azpimarratu dute Osakidetzak badakiela zer baldintza bete behar diren foroan berriro sindikatuak egoteko.

Sindikatuek uste dute une honetan ez dagoela baldintzarik Mahai Sektorialaren bilerara joateko, Osakidetzak bizkarra ematen baitio benetako negoziazioari, akordioak lortzeko inolako borondaterik erakutsi gabe.