Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa

Soldatak parekatzea lortu dute, 31 greba egunen ostean

2023/06/28
31 eguneko grebak fruituak eman ditu eta Osakidetzak % 4ko osagarria ordainduko die Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (TGEEZ) langileei, alegia, Usansolo-Galdakaoko ospitale bereko gainerako lankideek kobratzen zuten soldata osagarria. ELAk bultzatuta, beste sindikatu batzuekin batera, langileek 2021etik zeramaten borrokan osagarri hori kobratzeko. Azkenean lortu dute euskal erakunde publikoak ekainetik aurrera ordaintzea. ELAk lortutakoa ospatu du, baina gogorarazi du beste kolektibo batzuek ez dutela osagarri hori jasoko, eta horrek soldata diskriminazioa dakarrela. Horregatik, kolektibo guztiek kobratu behar dutela defendatu du. Osakidetzak, ordea, nahiago izan du akordio bateratu bat proposatu Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrorako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarerako eta Tolosaldea ESIko Administrazio eta Kudeaketako langileentat. Horregatik, ELAk ez du akordioa sinatu, diskriminatzailea dela iritzita. Gainera, SATSE, SME eta UGT sindikatuek gutxiengoan sinatu dute. ELAren ustez, berri ona da kolektibo horiei osagarria ordaintzea, baina azpimarratu du ez dituela atzean utziko gainerako langileak. Izan ere, ez dute osagarria konratuko EAGetako langileek eta Lehen Mailako Arretako langileek, bezeroaren arretarako arloetako langileak izan ezik.

Jorratutako gainerako gaiei dagokienez, Osakidetzak lehen mailako arretan oporraldi bakoitzean aplikatzen dituen murrizketak finkatu ditu. Osasun zentroak ixtea, ordutegi murrizketak eta osasun zentroak edo EAG irekiak planteatzen jarraitzen du, pertsonal medikorik gabe. Neurri hori denboran zehar errepikatzen denez, Osakidetzak ez du inolako neurririk planteatzen profesional faltaren atzean dagoen benetako problematikari aurre egiteko, alegia, lan baldintza eskasei aurre egiteko.

Planteatzen duen gauza bakarra da langileek aparteko orduak egitea, horrek dakarren gainkargarekin. Gaur, aparteko ordu horiek ordaintzeko baldintzak hobetzeko proposamen bat eraman du Mahaira. Sindikatuek ez dute proposamen hori onartu, benetako arazoei aurre egiten ez dien adabaki bat izateaz gain, NPBetako eta Larrialdietako langileak diskriminatzen jarraitzen duelako, ELAk deitoratu duenez.

Gaur, ekainak 28, argitaratutako Lanbide Garapenerako deialdiari dagokionez, Osakidetzak berriro urratu du urtero deialdi bat egitera behartzen duen araudia. Deialdia 2022koa izanik, sei hilabeteko atzerapenarekin egin da, eta horrek esan nahi du langile batzuek deialdian parte hartzeko eskubidea zutela, baldin eta deialdia egun kanpoan badago.

Gainera, ez da aurrerapenik izan enborreko gaietan, hala nola behin-behinekotasun-tasa altuan (%50etik gorakoa) edo erosteko ahalmenaren galeran (%20 ingurukoa).