Tolosaldean Ospitale Publikoa

2011/07/27
Tolosaldean ez dago ezer ixteko beharrik, behar dena Asuncion Ospitale Publiko izatea da
ELAk salatu nahi du Osakidetzak Tolosako espezialitateetako anbulatorioa ixteko hartu duen erabakia, erabaki horren ondorioz eskualdea geratzen baita osasun arreta espezializatu gabe.

 

ELA sindikatuak jakin duenez,Tolosako arreta bereziko anbulatorioa ixteko erabakia hartu du Osasun Sailak 2014 urtera arte iraungo duen prozesu baten baitan. Izan ere, erabaki da zerbitzu hori osasun sare pribatuaren bitartez ematea. Zehatzago, Tolosako Asuncion Klinikak (Inviza taldea) kudeatuko du zerbitzu hori.

Gaur egun anbulatorioan 50 langilek inguru egiten du lan, kardiologia, traumatologia, neurologia, otorrinolaringologia, eta abar espezialitateetan arreta bereziko zerbitzua emanez eta gaur arte ez dakite ezer beren etorkizunaz lan arloan.

Beste behin ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak hartu duten erabakia ez dator bat Tolosaldeko biztanleen osasun beharrizanekin, osasun publikoko arreta izateko duten eskubideari eraso eginez. Eskualdean dagoen osasun eskariaren arabera, Tolosaldean ospitale publikoa egotea bidezkoa izateaz gain galdagarria da. Izan ere, Asuncion klinikaren jardueraren %90 baino gehiago Osakidetzatik bideratutakoa da. Beste era batera esanda, Asuncion Klinika existitzen bada, Tolosaldeako biztanleek osasun publikoa eskatzen dutelako da eta Osakidetzak zerbitzu hori Asuncion Klinikaren bitartez ematea erabaki duelako. Horrenbestez, anbulatorioa ixteko erabakia Tolosaldeako biztanleek behar dutenaren kontrakoa da hain justu.

Egoera horren aurrean, konponbidea oso nabaria eta sinplea da: Asuncion Klinika ospitale publiko bihurtu behar da. Aldarrikapen hori:

•    Posible da: egin izan da beste batzuetan, adibide hurbilena Deba Garaiko Ospitalean dugu eta erabaki hura aurrerapauso handia izan zen eskualdearentzat.

 •    Erraza da: Klinikan badaude esperientzia duten langileak eta beste horrenbeste anbulatorioak, biek ala biek, ederto ezagutzen dute eskualdeko osasun eskaria.
•    Beharrezkoa da: osasun eskaria nahikoa baino gehiago da eskualdean ospitale publiko bat izateko.

Horregatik guztiagatik, ELAk sentsibilizazio kanpaina hasiko du Tolosaldeako biztanleek osasun publikoa izateko duten eskubidea defendatze aldera eta hainbat ekitaldi antolatuko du aldarrikapen hori egia izan dadin.

TOLOSAKO ANBULATORIOA EZ ITXI!

TOLOSALDEAN OSPITALE PUBLIKOAREN ALDEKO!