Urdulizeko ospitalea %100 publikoa izan dadila eskatu dute sindikatuek

2016/03/10
Osakidetzak Urdulizko Ospitalearen irekiera ekainerako aurreikusten du eta oraindik ez dio erantzun sindikatuok berau %100ean kudeaketa publikokoa izan dadin egindako eskaerari. Uztailean ahobatez Mahai Sektorialean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok eskaera hau luzatu genuen, eta ordutik Osakidetzak ez du erantzun argirik eman.

Sindikatuen agiria:

Osakidetzak urteak daramatza zerbitzuak pribatizatzen, garbikuntzatik hasi eta medikuntzara, eta urrats bakoitza hurrengorako aurrekaria izan da. Gainera ez ditu pribatizazio hauek justifikatzen. Merkeago ateratzen al da garbiketa zerbitzua pribatizatzea? Zerbitzu hobea ematen al dute? Sindikatuok txosten tekniko bat exijitu diogu Osakidetzari egoera azter dezan, 30 urtetan zerbitzuak pribatizatzen egon ondoren, zerbitzu berri bat pribatizatu aurretik hau da egin beharreko gutxienekoa. Ez dago txostenik, eta guk argi dugu arrazoia, emaitzak argi erakutsiko luke pribatizazioa ez dela errentagarriagoa. Gure ustez, argi dago irabazi nahia zerbitzuaren kaltetan ematen dela. Nortzuk izango dira pribatizazio hauen onuradunak?

Era berean, Osakidetzak ez du argitzen Ospitale horretako lanpostuak nola beteko dituzten, lanbide bakoitzeko zenbat langile joango diren. Ezta inguruko herrietan Ospitalearen irekierak izango duen eragina. Uribe Kostako errepideak kotxez beteko dituzte eta eskualderako ez dago irtenbiderik. Urdulizera joango diren langile eta gaixoak nola joango dira bertara? Bukatu gabeko sarbideetatik? Hori bai, hauteskunde aurretik goi mailako inaugurazioa burutuko dute.

Osakidetzak ez du erantzuten Urdulizen ere pribatizazioak egin nahi dituztelako. Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak sindikatuokin zerbitzu berririk ez pribatizatzeko konpromisoa hartu zuen, berriz ere bere hitza jatekotan direla ematen du. Eta oraingoan ezin dute esan Madrildik behartzen dituztela, Urdulizen pribatizazioak ematen baldin badira neoliberalak direlako izango da.

Horregatik, sindikatuoi dagokigu pribatizazioak geldiaraztea. Pribatizazio bat geldiarazteak hurrengoak geldiaraztea suposatzen du, sukalde edo garbikuntzako lanpostua defendatzerakoan Osakidetzako lanpostu guztiak defendatzen ditugu. Denak dira garrantzitsuak kalitatezko osasun zerbitzu publikoak bermatzeko.

Urdulizen 50 lanpostutik gora Osakidetzan mantentzea dugu jokoan, bereziki garbikuntza, sukalde, mantenu eta erradiodiagnostikoan. Ez diegu utziko lanpostuak prekarizatzen, Osakidetzako kontratazio zerrendetatik atera eta enpresa pribatuen bitartez langileak esplotatu ditzaten.

Mobilizazioak hasi ditugu. Lehendabizi gizartea, alderdi politikoak, Arartekoa eta langileak informatuko ditugu. Pribatizazio bat erabaki aurretik gutxieneko eztabaida sozial eta demokratikoa izatea da edozein gobernuri exijitu beharreko gutxienekoa, beraiek eztabaida hau ezkutatu nahi dutenez langileoi dagokigu eztabaida piztea.

Ondoren langileek proposatutako era guztietako mobilizazioak egingo ditugu zentroz zentro. Eta maiatza aurretik Osakidetzaren aldetik ez badago Urdulizko Ospitaleak kudeaketa erabat publikoa izateko konpromisorik, Bizkaiko Osakidetzako zentroetan paroak deialdia burutuko dugu.

Sindikatu eta langileok ez dugu etsiko pribatizazioen kontrako mugarri bat ezarri arte, eta lehen mugarria Urdulizko Ospitalean ezarriko dugu.