Urdulizko Ospitaleko pribatizazioak ezkutatuz dabil Osakidetza

2016/03/29
Osakidetzako Zuzendaritzak ez du oraindik argitu zelakoa izango den Urdulizko Ospitale berriko zenbait zerbitzuren kudeaketa. Hain gardentasun gutxi izatea onartezina da, are gutxiago orain, Osakidetzako kargudun batzuk zerbitzuak modu bidegabean esleitzeagatik auziperaturik baitaude.

Osakidetzaren Sektore Mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok Urdulizko Ospitaleko kudeaketari buruzko argibideak eskatu genituen uztailean. Informazio hori bera Eusko Legebiltzarrean ere eskatua izan da. Hala ere, Osakidetzak ez du oraindik argitu nola kudeatuko diren zerbitzu batzuk. Luzamendutan dabil, eta hori pribatizazio baten ataria izaten da.

ELAren iritziz onartezina da zerbitzu bat pribatizatzeko erabakia hartzea, aldez aurretik pribatizazioa zuritzen duen txosten teknikorik egin gabe. ELAk arestian egin dituen kalkuluen arabera, garbiketa-zerbitzua bakarrik pribatizatzeak 100.000 euroko gainkostua ekar dezake urtean. Nolatan pentsatu ere egin dezake Osakidetzak zerbitzu bat pribatizatzeaz, horrelako gastua badakar?

Gainera, datuak eta erabakiak ezkutatuz ibiltzea are ulertezinagoa da garai hauetan, orain dela gutxi argitara eman baita Osakidetzako hiru goi-karguduni hainbat delitu egin izana egotzi dietela, Gurutzetako Ospitalean enpresak kontratatzearen inguruan.

ELAren ustez Osakidetzak behar bezala azaldu behar ditu horrelako erabakiak. Osakidetzako garbiketa-zerbitzu gehienak kudeatzen dituen enpresa Garbialdi da, eta horren zuzendaria Josu Olazaran Sagardui, Euzkadi Buru Batzarreko kide izandakoa. Osakidetza askoz gardenagoa izan beharko zen kontratazio-arloan.

ELArentzat zerbitzuak pribatizatzea ez da bide egokia, ez zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, ezta eraginkortasun ekonomikoa hobetzeko ere. Eta Urdulizko Ospitalearen kasuan, informazioa ezkutatzea onartezina da ikuspegi demokratiko batetik.

Gogoratu beharrekoa da indarrean jarraitzen dutela Mahai Orokorraren Akordioak eta Osakidetzaren Lan-baldintzak Arautzeko Akordioak, eta bietan debekatzen da berariaz zerbitzu berriak kanpoko eskuetan uztea. Urratuko ote ditu berriro Osakidetzak bere akordioak?

Azkenik, ELAk berriro plazaratu nahi ditu bere eskakizunak. Osakidetzak bere akordioak bete behar ditu, eta ondorioz Urdulizko Ospitaleak kudeaketa erabat publikoa izan behar du. Osakidetzak lehentasuna eman behar die bere akordioei eta gizarte-beharrizanei, beste onuradun batzuen interesen aurretik.