Urkulluren gobernuak bere ardurapeko esparruetan negoziazio kolektiborako eskubidea deuseztatu du

ELAk sektore publikoko ordezkariak protestaldi bat egitera deitu ditu Lehendakaritzaren Ajuria Enea egoitzaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren negoziazio-borondaterik eza salatzearren. Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari orokor Igor Eizagirrek, 300 bat ordezkariren aurrean egin duen mintzaldian, negoziatzen hasteko eskatu dio Urkulluren gobernuari. “Urkullu lehendakaria sektorearteko akordioagatik poztu omen da, elkarrizketa eta negoziazioa indartu direlakoan; baina bere ardurapeko esparruetan negoziazio kolektiborako eskubidea deuseztatu du” azpimarratu du Eizagirrek.
Ildo horretatik, 21.000 lanpostu galdu direla arlo publikoan eta euskal administrazioan prekarietatea hedatu dela salatu du, eta hiru langiletik bat aldi baterakoa dela. Sektorez sektore begiratuz gero, Osakidetzan prekarietatea %34,8ra heldu da, Hezkuntzan %38ra, Sukalde eta Garbiketan %60ra, Administrazio Orokorrean %35era, eta EITBn %25era.
Horiek horrela, Eizagirrek eskatu du arlo publikoan kalitatezko 35.000 lanpostu egonkor sortu eta finka daitezela. Horretarako beharrezkoa litzateke ordezkapenak lehen egunetik egin behar izatea, enplegu publikoaren eskaintzetan egitura-postu eta baja begetatibo guztiak sartzea, eta zerbitzuen pribatizazioa eta azpikontratazioa bertan behera uztea.
Eizagirrek bere Gasteizko hitzaldian jorratu dituen beste puntu batzuk negoziazio kolektiboa berreskuratzea eta 35 orduko asteko lanaldia izan dira. Eusko Jaurlaritzari leporatu dio euskal administrazioko negoziazio kolektiboa suntsitu duela, Mahai Orokorrean harturiko akordioak behin eta berriz bete gabe uzteagatik. “Beren hitza ez da sinesgarria guretzat. Urtetan ibili dira sinaturiko akordioak urratzen, eta orain ez dugu beste biderik, mobilizazioena baino, soldaten erosteko ahalmena berreskuratu eta gure lan-baldintzak hobetu nahi baditugu” esan du.
Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari nagusiak Enpleguaren Legeaz ere hitz egin du, Eusko Jaurlaritzak datozen hiletan argitaratzeko asmoa baitu. Eizagirreren iritziz lege-proiektu horretan herri-langileen independentzia bermatu beharko litzateke, pribatizazio-bidea moztu, negoziazio kolektiborako eskubidea zaindu, eta lanpostuak kalitatezkoak eta egonkorrak izatea ziurtatu. Halaber, behar besteko mekanismoak eskatu ditu eguneroko lanean euskaraz jardun ahal izateko.
Elkarretaratzea ordubetekoa izan da, eta manifestariek errepikatu dituzten esloganetan negoziazio kolektiboaren alde eta zerbitzu publikoak pribatizatzearen kontra agertu dira.