OSAKIDETZAKO BILTEGIAK
Zentro logistikoaren pribatizazioa geldiarazteko bide jurdikoa aztertuko du ELAk

Osasun Sailak Osakidetzako Iurretako zentro logistikoaren lizitazioa argitaratu du 129 milioi euroko zenbatekoarekin. Egun zerbitzu hori Osakidetzak berak ematen du bere langileekin, eta, beraz, eragiketa horrek ekarriko du gaur egun kudeaketa zuzenekoa den zerbitzuaren pribatizazioa. ELAk bide juridikoa aztertuko du lizitazioa eta zentro logistikoaren pribatizioa geldiarazteko.
Osakidetzako biltegietan 180 pertsonek egiten dute lan, eta Osakidetzan sartzen den material guztia kudeatzeaz arduratzen dira. Gainera, material guztia jaso, erregistratu eta sailkatzen dute, ESIen eta zerbitzuen eskaera guztiak jasotzen dituzte, eskaerak prestatu eta zerbitzuen arabera banatzen dituzte. Bada, 180 langile horien etorkizuna airean dago.
Aurrekoaren ildotik, 2011. urtean Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin akordio bat sinatu zuen zerbitzu publikorik ez pribatizatzeko eta pribatizatutako zerbitzu guztiak lehengoratzeko konpromisoarekin. Osakidetza ez da akordio hori betetzen ari. Gainera, argi dago erabaki hori zerbitzu publikoen aurkakoa dela, zerbitzu hori eman behar duen plantillaren lan baldintzak are gehiago prekarizatzeko aprobetxatuko baita.
ELA sindikatuak bide juridikoa aztertuko du Osakidetzako biltegiak pribatizatzeko erabakia errekurritzeko, eta, gainera, uste du Osasun Sailaren planak baldintzatzeko bide bakarra mobilizazioa dela. Horrela, Osakidetzari exijituko diogu proiektu hori geldiaraz dezala eta berma dezala, alde batetik, zentro logistiko berriaren kudeaketa soilik publikoa izango dela, eta, bestetik, ez dela langilerik baztertuko, ez finkoa ez aldi baterakoa ere.