OSAKIDETZA (ARABA)
ELAk zerbitzua euskaraz bermatzeko neurriak eskatu ditu

Euskararen kontrako kanpaina politiko, mediatiko eta judizial betean, Osakidetzan zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidearen urraketa baten berri izan du ELAk aste honetan. Agerikoa da gaur egun euskarazko zerbitzua ez dagoela bermatuta, eta aste honetan ezagutu den kasua argi erakusten duela euskararen eskakizuna gure herri-administrazioetan gehiegizkoa dela dioten diskurtsoen faltsutasuna.
Ezagututako kasua Gasteizko bi ikastetxerena da: D ereduko ikastetxeak dira, eta Osakidetzak ikasleei eskaintzen dizkien prestakuntza-jardunaldiei uko egin behar izan diete gaztelania hutsean eskaintzen direlako. Zentro horiek hainbat saiakera egin dituzte Osakidetzak prestakuntza euskaraz eman dezan, eta une oro jaso duten erantzuna zera izan da: prestakuntzaz arduratzen den osasun-zentroak ez duela baliabiderik jardunaldiak euskaraz eskaini ahal izateko. Hori horrela, prestakuntzari uko egitea beste aukerarik ez dute izan.
ELAk behin eta berriz salatu du Osakidetzak ez duela euskarazko zerbitzua bermatzen eta hori etorkizunean errealitate bat izan dadin, gaur egun hartu ez diren erabakiak hartu behar direla.
Ildo horretan, ELAk euskara eta gaztelania parekatzeko prozesua abian jartzea eskatu du, 15 urte iraungo duen prozesu baten bitartez. Epe horretan, langile publiko askok hartuko dute erretiroa, eta lanean hasten direnak euskaldunak izan daitezke. Denbora horretan, gaur egun Administrazioan lanean ari diren eta euskaraz ez dakiten langileak euskalduntzeko aukera ere badago, horretarako baliabideak jarriz eta laguntzak emanez. Bitartean, euskarazko zirkuituak bermatuko dira, edozein harreman edo zerbitzu euskaraz garatu ahal izateko. Euskaldunek erdaldun elebakarrek dituzten hizkuntza eta osasun eskubide berberak dituzte.
Osasun eta Hezkuntza Sailen obligazioa da beraz, behar beste profesional elebidun prestatzea, egun euskararik ezagutzen ez duten profesionalentzat laguntza egokiak eskaintzea eta euskara mehatxu moduan ikusi ez dadin trantsizio egoki bat zuzentzea. Hori da, hain zuzen, ELAk egin nahi duen bidea, egungo profesional guztiak kontuan harturik Osakidetzan bi hizkuntza ofizialak bermatuta egon daitezen eskakizun maila berean.