GUIMON KLINIKA
Zuzendaritzak zentroa ixteko mehatxua egin die grebalariei

ELAk deituta, langileek dagoeneko 12 greba egun egin dituzte Bilboko Guimon klinikan, jarraipen oso zabalarekin; gaur dute orain arte deitutako azken greba eguna. 2023az geroztik dute hitzarmena iraungita, eta hitzarmena berritzearen alde ari dira greban. Zuzendaritza, ordea, ez dago prest langileen baldintzak duintzeko. Areagoa, grebalarien aldarrikapenen aurka oldartu da: grebarekin aurrera jarraituz gero, klinika itxiko dutela mehatxatu diete langileei. Horretaz gain, greba hasi zenetik, langileen grebarako eskubidea urratu du enpresak, eta ELAk jarritako salaketa dela eta, epaiketa egingo da maiatzaren 21ean.
Sektoreko soldatarik prekarioenak dituzte Guimoneko langileak. Izan ere, kategoria askotako langileak gutxigatik pasatzen dute 1.000 euroko langa, klinikako bazkideak orain dela gutxi mozkinak banatu badituzte ere. Sektoreko beste enpresa batzuekin alderatuz gero, batez beste 650 euro gutxiago kobratzen dute hilean. Egoera horri partzialtasun handia, ordezkapen edo laneko segurtasun eta osasunerako neurri falta batu behar zaizkio.
Horregatik guztiagatik, akziodun batzarrarekin bat eginez elkarretaratzea deitu du ELAk datorren asteazkenean.