Derrigorrezko kolegiazioaren aurka agertu da ELA

2015/01/30
Osakidetza orain arte kolegiatzeko beharrik ez zeukan jendea Elkargoetan izena ematera behartzen ari da eta, ondorioz, eros-ahalmena galtzen ari dira berri ez. ELAk legedia aldatzea eskatuko du administrazioan bakarrik lan egiten duten langileek derrigorrezko kolegiaziorik izan ez dezaten.

Urriak 28ko epai batean Auzitegi Konstituzionalak Euskadiko Elkargo Profesionalen Legearen 30.2 artikulua konstituziozkontrakoa zela ebatzi zuen eskuduntza faltagatik. Artikulu honek administrazioetan soilik lan egiten duten hainbat lanbidetako langileak derrigorrez kolegiatzetik salbuesten zituen.

Baliogabetze honek zentzurik gabeko egoera sortu du. Elkargo Profesionalak lanbide liberalen lana arautzeko sortu dira. Laburbilduz, bere egitekoa kode deontologikoak ezartzea, konpetentzia desleiala ekiditea eta erantzukizun zibileko aseguruak izatea da. Administrazioetan soilik lanean ari diren langileek ez dute konpetentzia arazorik, administrazioak bere zigor araudiaren bitartez kode etikoak betetzeaz arduratzen dira eta administrazioek beraiek dauzkate erantzukizun zibileko aseguruak. Hau da, administrazioetan ari diren langileekin ez da lanbide liberal baten babes lanik ematen.

Osakidetza epai hau aldebakarrez kudeatzen ari da. Kasurik gehienetan kolegiazioa ez da lan egiteko betekizuna izan orain arte, baina Osakidetza kolegiatzera eta honen kostua langileen bizkar hartzera behartzen ari da, ondorioz, berriz ere langileek eros-ahalmena galduko dute.

Horrez gain, elkargo batzuek jarrera oldarkorra izaten ari dira. Fisioterapeuten Elkargoaren kasuan oraindik kolegiatu ez diren langileak isun handiak izango dituztela ohartarazten ari da.

Epe laburrean Osakidetzak kolegiazioa beregain hartzea eskatu du ELAk, baina sakoneko arazoa konpondu beharra dago.

Horregatik, Espainiako gobernua Zerbitzu Profesionalen Legearen Aurreproiektua lantzen ari denez, ELAk Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten euskal alderdi politiko guztiei lege horri emendakinak ezartzea eskatuko die derrigorrezko kolegiazioa kendu dezan administrazioan soilik lan egiten duten langileentzat.

Elkargo Profesionalen lana oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu eta lanbide liberaletako ekintzak arautzeko ezinbestekoak dira, bai jarrera etikoak izateko bai kolegiatutako pertsonei babesa emateko, are gehiago, formazio aldetik egiteko garrantzitsua dute, baina administrazioan ari diren langileentzat kolegiazio hau librea izan behar da.