OSAKIDETZAKO MAHAI SEKTORIALA

Lizentzia eta baimenen akordioa hobekuntza nabarmenik gabe itxi da

2026/06/29
Lizentzia eta baimenen akordioa hobekuntza nabarmenik gabe itxi da
17 urteren ondoren, araudia Estatutik etorritako lege-aldaketetara mugatu da, eta Osakidetzako langile guztien lan-baldintzak negoziatzeko blokeoak bere horretan jarraitzen du.

ELAk salatu du Osakidetzak lizentzia eta baimenen inguruko akordioa behin betikotzat jo duela, negoziazioan ia aurrerapausorik egin gabe, nahiz eta atal hori 17 urte baino gehiagoz eguneratu gabe egon. Sindikatuaren ustez, testuak Estatuko legediak ezarritako aldaketak jasotzera mugatzen da, langileentzat benetako hobekuntzarik ekarri gabe.

Salaketa Mahai Sektorialaren bileraren ostean egin du ELAk. Bertan, berriro ere gaitzetsi du Osakidetzako Akordio Arautzailea berritzeko negoziazioak geldirik jarraitzea, hitzarmen hori ere duela 17 urte baino gehiago iraungita baitago. ELAren esanetan, Osasun Sailak "gehiegizko baikortasunez" aurkeztu ditu azken urteotako ustezko aurrerapenak, baina diskurtso hori ez dator bat osasun zentroetako profesionalek egunerokoan bizi duten errealitatearekin.

ELAren iritziz, Osasun Sailaren estrategia da ahalik eta kosturik txikienarekin akordio bat lortzea, kolektibo jakin batzuei hobekuntza mugatuak eskainiz eta gainerako langileen beharrak bazterrean utzita. Horren adibidetzat jarri du pediatriako erizaintzarako aldi baterako kontratazio zerrenda espezifikoa sortzeko proposamena. Medikuen Sindikatuak eta Erizainen Sindikatuak babestu zuten proposamena, baina ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk aurka bozkatu zuten.

Egoera horren aurrean, ELAk udazkenean greba mugagabea bultzatzeko beharra berretsi du, negoziazioa desblokeatzeko eta plantilla osoari eragiten dioten egiturazko arazoei irtenbidea emateko. Ildo horretan, gogorarazi du Osasun Sailak berriki Medikuen Sindikatuari guardiak handitzearen truke egindako 70 milioi euroko eskaintza. “Horrek erakusten du lan baldintzak hobetzea borondate politikoaren araberakoa dela”.

ELAk aldarrikatzen dituen neurri nagusien artean daude soldatak eta erosahalmena hobetzea, lanaldia murriztea, aparteko orduak eta jardunaldi osagarria ezabatzea, plantillak gaztetzeko plana abian jartzea, behin-behinekotasuna murriztea, lanbide sailkapena eguneratzea, kontziliazio eta lan osasuneko neurriak indartzea, berdintasun plan eraginkor bat adostea eta bai langileen bai administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko neurriak ezartzea.