UDALHITZ

125 udal batzorde baino gehiago batu dira urriaren 8ko grebara

2026/10/02
125 udal batzorde baino gehiago batu dira urriaren 8ko grebara
EUDELi, EAJri, EH Bilduri, PSE-EEri eta Alderdi Independenteei Udalhitzen mahaietan eta EAEko udaletxeetan hitzarmen kolektibo integralak adostea exijitu diete.

ELAk eta LABek lortu dute EAEko 125 udal batzorde baino gehiago batzea urriaren 8rako deitutako grebara. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan berretsi dute grebara joko dutela, baita udalerri hauetan ere: Getxo, Barakaldo, Portugalete, Basauri, Durango, Laudio, Eibar, Zarautz, Azpeitia, Tolosa eta Errenteria.

Udalhitzen mahaian bi urtez negoziatu ondoren, irailaren 25eko negoziazio mahaian, EUDELeko alderdi politiko nagusiek negoziazio mahaiari amaiera ematea erabaki zuten, proposamenean beste mugimendu bat egiteko prest ez zeudela argudiatuta. Era berean, Udalhitzen negoziazioek emango luketenaren zain, Udaletik kanpo dauden udalen hitzarmenen negoziazioa ere geldirik dago. Horren aurrean, ELAk eta LABek urriaren 8ko greba deialdiari eustea erabaki zuten.

Izan ere, Udalhitzen negoziazio mahaia hasi eta ia bi urtera, Eudeleko alderdi nagusiek negoziazioa blokeatu dute. Era berean, EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak udal alderdiek funtsezko gai guztiak barne hartzen dituen proposamen integral bat aurkeztu gabe jarraitzen dute, eta enpleguari eta soldatari lotuta Madrildik ezarritako neurriak gainditu gabe mantentzen dira.

Ildo horretan, uda ostean negoziazioan aurrerapauso nahikorik ez zegoenez, ELAk eta LABek greba eta mobilizazio dinamika bat jarri zuten abian irailean EAEko udal sektorean. Mobilizazio-kanpaina hau apirilean hasitakoaren jarraipena da. Gogora dezagun EAEko udal langileek 2 orduko lanuzteak egin zituztela apirilaren 23an eta egun osoko 2 greba egun maiatzean eta ekainean. Lanuzte eta greba horien ondorioz, Udalhitzen mahaian eduki berriak ekartzea lortu zuten, baina gatazkari amaiera emateko funtsezko aldarrikapen batzuk falta izan dira.