Arabako suhiltzaileek pertsona eta baliabide eskasia salatu dute

2020/02/26
Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek mobilizazioak antolatu dituzte euren jarduna segurtasun bermeekin egin ahal izateko dituzten baliabide eskasak salatzeko, bai suhiltzaile kopuruari dagokionez eta bai beharrezkoak diren bitartekoei dagokionez. Gainera, negoziazio mahaitik altxatzeko hartutako erabakian berresten dira, eta argi utzi nahi dute ez direla itzuliko orain arte lortutako akordioak sinatu arte eta diziplina espedienteak jaso dituzten bi ordezkari sindikalen egoera argitu arte.

Arabako suhiltzaileek azpimarratzen dute denbora asko daramatela dituzten arazo ugariak barnean konpontzen, batez ere langile eta bitarteko faltei dagozkionak Hala ere, Arabako Foru Aldundiak akordio bat lortzeari uko egiten dionez, kalera ateratzea beste erremediorik ez dutela izan aipatzen dute. Zentzu honetan, argi utzi dute kalean egongo direla herritarrentzat horren garrantzitsua den zerbitzu honen defentsan.

Antolatutako lehen mobilizazioa otsailaren 27an izango da, Gasteizen.