DONOSTIAKO GIZARTE EKINTZA

Langileek grebarekin jarraituko dute plantilla handitzen ez bada

2025/04/30
Guztira, langileek sei greba egun egin dituzte, % 100eko jarraipenarekin.

Seigarren greba eguna Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailean, %100eko jarraipena izan dute Langileen Batzordeak deitutako egun guztiek (ELA 9, LAB 7, CCOO 3, ERNE 2, ESAN 2). Eneko Goia alkateak atzo egindako adierazpenen aurrean, epe laburrean 30 pertsona kontratatzea “bideraezina” zela iradokiz, langileak kalera atera dira berriro protesta egiteko.

Izan ere, inbertsio ezaren ondorioz, muturreko egoeran daude langileak, ezin baitiote erantzun dauden premia larriei. Udalak gai honetan esku hartu behar du eta azken urteetako utzikeriari erantzun. Donostiako Udalak maiatzaren erdialderako proposamen bat ekartzeko konpromisoa hartu du. Langileek proposamena lehenbailehen egiteko eskatzen diete arduradun politikoei, egoeraren premia dela eta, kalitatezko zerbitzua bermatu ahal izateko.

Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta langile kopurua handitzea arlo guztietan (administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa...). Gainera, egiturazko eta antolakuntzako beharren azterketa aldarrikatzen dute, dagozkion neurriak aplikatu ahal izateko. Lan-poltsak sortzea proposatu dute, eta plantillaren egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.