DONOSTIAKO GIZARTE ZERBITZUAK
Gizarte ekintzako langileek %100eko jarraipeneko lanuztea egin dute

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko Batzordeak (ELA 9, LAB 7, CCOO 3, ERNE 2, ESAN2) deituta, langileek lanuztea egin dute gaur, %100eko jarraipenarekin. 120 langile baino gehiagok lanuztearekin bat egin dute azken urteetan Donostiako gizarte zerbitzuek izan duten gainbehera salatzeko. Baliabide material gehiago bideratzea, langile gehiago kontratatzea eta pertsonen beharrei lehentasuna emango dien kudeaketa ezartzea aldarrikatzen dute.
Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta plantilla handitzea eremu guztietan (administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa...). Gainera, egiturazko eta antolakuntzako beharren azterketa aldarrikatzen dute, dagozkion neurriak aplikatu ahal izateko. Lan poltsak sortzea proposatu dute, eta plantillaren egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.
Batzordeak gogorarazi du langileen eskubideen aldeko borroka soilik ez, donostiar guztien eskubideen aldekoa ere badela, gizarte zerbitzu duinak eskaini behar zaizkielako. Plantilla handitu eta kontsolidatu arte, ordezkapenak lehen egunetik egin arte eta eredu aldaketa lortu arte mobilizazioekin jarraituko duela adierazi du Batzordeak. Hurrengo lanuzteak martxoaren 6an, 13an eta 20an izango dira eta martxoaren 27an greba deitu du. Gauzak horrela, gatazka konpontzeko erantzukizuna har dezatela eskatu dio Batzordeak Maria Jesus Idoeta Gizarte Zerbitzuen zinegotziari eta Eneko Goia Donostiako alkateari.