UDALHITZ
ELAk elkarretaratzeak egin ditu EUDELi negoziazio mahaia eratzea exijitzeko
2025/02/28

Mobilizazioen bitartez, ELAk EUDELi eskatu dio Udalhitz-en negoziazio mahaia eratu dezala, eta ELAk aurkeztutako premisetan aurrerapausoak eman ditzala mahaia osatu ahal izateko. ELAko langileek elkarretaratzeak egin dituzte Azpeitia, Irun, Gasteiz, Lasarte, Etxebarri, Derio eta Santurtziko udaletxeen aurrean, EUDELeko zuzendaritza batzordean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztietako udalen aurrean, hain zuzen ere. ELAk salatu du EUDELek toki administrazioan esparru propioa negoziatzeko duen borondate eza.
ELAk gogorarazi du 15 urte igaro direla Udalhitz berritu gabe, eta sektoreko lan baldintzak hobetzeko garaia dela. ELAk, gehiengo osoarekin (%50etik gorako ordezkaritza) EUDELi eskatu dio konpromisoa hartu dezala honako gaietan aurrerapausoak emateko, mahaia osatu ahal izateko:
- Udalhitz-en sorrerako espiritua berreskuratzea eta bide horretan EUDELeko batzorde eragileak eta bere ordezkari politikoek (EAJ, EH BILDU eta PSE) erabaki zehatzak hartzea.
- Negoziazio berrirako oinarria 2008-2010ko Udalhitza izatea.
- Udalhitz udaletan aplikatzeko ordezkaritzari buruzko konpromisoa
- Akordioa etorkizunean betetzea eta defendatzea.
- Akordiorako ordezkaritzaren gehiengoak errespetatzea.
Bien bitartean, ELAk mobilizazioekin jarraituko du, negoziazio-mahaian adostutako edukien aplikazioa bermatuko duten konpromisoak lortzeko.