ELAk enplegua kontsolidatzeko prozesu guztia Udalean egitea eskatu du

2022/07/08
ELAk elkarretaratzea egin du EUDELen Bilboko egoitzaren aurrean, Euskadiko Udalen Elkartearen azken proposamena salatzeko: enplegua finkatzeko prozesuak, udal bakoitzean egin beharrean, dagokion Foru Aldundiak egin ditzala, kudeaketa-gomendioaren bidez. ELAk oso larritzat jo du proposamen hori – Udalei bidalitako gutunean jasotakoa –, eta salatu du udal-autonomia neutralizatzeko borondate argia duela. Hori dela eta, sindikatuak eskatu du udal-autonomia errespetatzea eta enplegua kontsolidatzeko prozesu guztia deialdia egin duen erakundean hasi eta amaitzea; hau da, udal bakoitzean hasitako kontsolidazio-prozesua udal berean bukatzea, erakunde horretako kolektibo guztiak kontuan hartuta, udaltzaingoak barne.

Gainera, oinarriak negoziatzeko eskatu du, langileen errealitatea kontuan hartuta, erakunde horretako aldi baterako langileen enplegua kontsolidatzeko.

ELAren ustez, EUDELen proposamena udal-autonomiaren printzipioaren eta udal bakoitzak bere burua antolatzeko duen gaitasunaren aurkakoa da, baita negoziazio kolektiborako eskubidearen aurkakoa ere. Horregatik, udalei beren udal-autonomia defendatzeko eta kontsolidazio-prozesu guztia bertan egitea eskatu die.