UDALTZAINGOAREN OPE PROPIOAK
ELAk eskatu du oposaketak baldintza duinekin egin ditzatela

Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalek deitu duten Udaltzainen bertako oposaketa egitea txalotu du ELAk, baina baldintzak orain publikatzear direla, soldata duinak eta udaltzain lanean izandako lan esperientzia kontuan izatea eskatu du sindikatuak.
ELAk txalotu du Azpeitia, Zumaia eta Getarian udalatzainak kontratatzeko prozesua bertan egitea erabakitzea, eta ez Eusko Jaurlatzako Segurtasun Sailak bultzatutako EPE bateratu baten bidez. Erabaki honek, herritarrengandik gertukoa, deszentralizatua eta euskalduna izango den Udaltzaingo baten alde egiten duela uste dugu eta txalotu genuen erabakia.
Oinarriak orain publikatzear daudela, ELAk lan baldintza prekarioak ekiditeko, oinarriak aldatzeko eskaera zuzena egin die Azpeitia, Zumaia eta Getariako udal gobernuei:
- Soldatei dagokionez, segurtasun sailari jarraipena egitea utzi eta formazioan daudenean 800 euroko soldata prekarioak ordaindu ordez, euren lanari dagozkien soldatak ordaintzea eskatu diote. Hau honela, Azpeitiko udalak erabaki berri du dagozkien soldatak ordainduko dizkiela. ELAk positibotzat jotzen du erabakia eta Zumaia eta Getariari bide hau har dezatela exijitzen die.
- Udaltzain asko eta asko behin-behinean lanean daude eta oinarrietan agertzen diren esperientzia puntuazio testimonialak aldatu eta esperientzia benetan baloratu dadila eskatzen dugu, orain gutxi udal hauetan eman diren kontsolidazio prozesuen ildoa jarraituz.
- Azkenik EPE prozesuak bertan eginda, polizia eredua eta zer nolako udaltzaingoa nahi den hausnartzeko aukera baliatzea eskatzen die ELAk.