EUDELEN BATZORDE EXEKUTIBOA

ELAk eta LABek greba areagotzea baloratuko dute gehiengo sindikala errespetatzen ez bada

ELAk eta LABek greba areagotzea baloratuko dute gehiengo sindikala errespetatzen ez bada
Eudelek bere batzorde exekutiboa bildu du, eta, besteak beste, euskararen eta zerbitzuen kudeaketaren gaiak jorratuko ditu. ELAk eta LABek sektorearen aldarrikapenei kasu egiteko eskatu diote Eudeli.

Eudelek bilera egingo du gaur, besteak beste, euskararen eta zerbitzuen kudeaketaren gaiak aztertzeko. Gaur egun, bi gai hauetan bi proposamen ezberdin daude mahai gainean: EAJ-PSErena eta EH Bildurena. ELAk eta LABek Udalhitzen negoziazio mahaietan eskatu duten bezala, Eudelek EH Bilduren proposamenaren alde egin beharko luke, sektoreko langile gehienen eskaeretara gehien hurbiltzen den aukera baita. Izan ere, azpimarratu dutenez, bi sindikatuak gehiengo sindikala dira eta sektoreko langileen % 83 baino gehiago ordezkatzen dute. Gauzak horrela, sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoa errespetatzen ez badute, mobilizazioekin eta grebekin jarraitzea baloratuko dutela adierazi dute.

Aipatutako bi gaiak konpontzeaz gain, sindikatuek Eudeli eskatu diote bihar, ekainak 12, negoziazio mahaian aintzat hartzea EAEko udal sektoreak greban dituen aldarrikapenak, gatazka konpontze aldera. Bestela, sindikatuek adierazi dute greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea baloratuko dutela.

EAEko udaletan urte asko daramatzate udaletako lan baldintzak hobetzeko akordiorik gabe, eta, beraz, asko okertu dira. Hala ere, azken hilabetean, grebak eta mobilizazioak direla eta, Eudelek proposamen berri bat helarazi du, aurrerapen batzuekin.

Testu berriak mahai gainean jartzen ditu ELAk eta LABek aurrerapausotzat jotzen dituzten eduki batzuk. Hala ere, zehaztu dute ez direla nahikoak, sektorearen aldarrikapenak falta direlako. Besteak beste, honako errebindikazio hauek falta dira: erosahalmena berreskuratzea eta etorkizuneko soldatak Madrilen ez erabakitzea; pribatizazioak eta zerbitzu horien publifikazioa saihesteko neurri zehatzak, langileak subrogatuz; gaztetzeko planetarako neurri zehatzak; lanaldi murrizketa handiagoa; euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea; eta hautaketa prozesuetan aurrera pausoak ematea.