ELAk eta LABek greba deitu dute udaletako lan baldintzak hobetzeko
Udalhitzeko negoziazioa hasi eta ia urte eta erdi pasa denean langileen aldarrikapenak ez daude mahai gainean. EUDELek eduki eskasak jarri ditu mahai gainean eta orokorrean zehaztapenik gabekoak dira. Udalhitzen kanpo dauden udaletan (hiriburuak eta udal handiak gehien bat) berdina gertatzen ari da. Orokorrean, urte asko daramatzate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe eta mahai gehienak ez daude martxan.
Hala, udaletako langileen lan baldintzak okertzen doaz urtez urte. Bitartean, aurreko urtean Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen eta orain dela 16 urte berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteek gaur gaurkoz proposamen integralik gabe jarraitzen dute eta onartu egin dituzte Madriletik datozen enpleguari eta soldatari lotutako neurriak eta langile publikoen prekarizazioari eta pribatizazioari bidea irekitzen dioten akordioak.
Negoziazio-mahaietara edukiak eraman eta lan-baldintzen hobekuntza negoziatzea exijituzeko, ELA eta LABek mobilizazio dinamika martxan jarri dute. Horregatik, gaur 11 eskualdeetan mobilizatzen ari dira, apirilaren 23an 2 orduko paroak egingo dituzte eta maiatzaren 14ean eta ekainaren 4ean egun osoko grebak egingo dituzte EAEko udaletxe guztietan.
Hauek dira adostu dituzten aldarrikapen minimoak:
-
Soldatetan azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea,, aurretik galdutakoaren zorra onartu eta berreskuratzeko konpromisoa barne. Eta udaletan azpikontrataturiko langilerik ez egotea 1500€ko gutxieneko soldataren azpitik.
-
Enpleguari lotuta pribatizazio gehiagorik ez egitea eta publifikazioak gauzatzea, egiturazko lanpostuak aitortzea, sektore feminizatuetan jardunaldiak %100ekoak izatea eta behin-behinekotasun tasa errealak jaitsea prozesu bidez eta langileak kontsolidatuz.
-
Gazteberritze neurriak adostea: batetik, adinagatiko lanaldia murrizteko eskubidea aitortzen duten neurriak soldata eta kotizazioak murriztu gabe; eta bestetik, errelebo kontratua bermatzea langile guztiontzat.
-
Jardunaldia jaistea eta musika eskoletan zein euskaltegietan irakastorduak jaistea ere.
-
Lan Osasunari loturiko neurriak adostea: baja bukatzen den arte %100 ordainsari konpentsazioa jasotzea; bajen kudeaketa publikoa egitea eta ez mutualitateen bitartez; lan kargak arintzeko neurri zehatzak adostea ordezkapenak barne; eta arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazio adostuak egitea zein honi loturiko neurriak ezartzea.
-
Hautaketa prozesuak tokiko erakundeek egiteko derrigortasuna ezartzea, suhiltzaileak eta tokiko poliziak prozesuak barne, eta hauek gutxienez 3 urtean behin egitea, lekualdatze lehiaketekin batera.
-
Euskarari dagokionez, lanpostu guztiak elebidunak izateko neurriak ezartzea; batetik, sarbidean bi hizkuntzak derrigorrezkoak izanik; eta bestetik, egun lanean ari direnak euskalduntzeko, euskara planak adostuz.
-
Berdintasun neurriak adostea: soldata arrakalekin amaitzeko neurriak; jazarpen protokoloen jarraipena, aplikazioa eta ebaluazioa egitea; LGTBIfobiaren kontrako protokolo eraginkorrak; edota kolektibo maskulinizatuetan, neurri eraginkorrak egoerari buelta emateko.
-
Kontziliatzeko neurriei dagokienez, batetik, zaintzeko lanaldi murrizketak eta eszedentziak adostea, zaindutako pertsonaren adin mugarik gabe; eta bestetik, loturagramen bidezko baimenak onartu eta aitortzea.
-
Trantsizioa ekosozialerako neurriak adostea.