ELAk EUDELi exijitu dio berehala kontsolidatu ditzala toki eta foru administrazioaren aldi baterako 12.000 langile

2022/02/15
ELAk EUDELeko (Euskadiko Udalen Elkartea) presidente Gorka Urtarani eskatu dio konpromisoa har dezala erakunde guztietan enplegu publikoa finkatzeko mahaiak eratzeko, erakunde horietako aldi baterako 12.0000 langileren kontsolidazioa bermatzeko. Eudelen atarian egindako elkarretaratzean, Bilbon, toki eta foru erakundeetako ELAko ordezkariek gutun bat helarazi diote Urtarani, enplegu publikoak eremu horretan bizi duen egoera larria salatzeko.

Bertan jasotzen denez, sektore horretako 80.000 langileetatik erdiak baino gehiagok azpikontratatutako enpresetan egiten dute lan. Gainera, zuzenean kontratatutako langileen % 40 baino gehiago aldi baterakoak dira, hau da, 12.000 langile baino gehiago.

Salatu du egungo behin-behinekotasunak, erabaki politikoen ondorio, bi helburu dituela: zerbitzu publikoak pribatizatzea eta negozio bihurtzea, eta horrek enplegu publikoa ez sendotzea eta kolektiboaren mendetasuna eta zatiketa lortzea.
Elkarretaratze horrekin, ELAko ordezkariek eskaera zuzena bidali diote EUDELeko presidenteari:

  • Erakunde guztietan enplegu publikoa sendotzeko negoziazio-mahaiak osatzeko konpromisoa hartzea.

  • Mahai horien helburua aitortzea: behin-behinekotasuna pairatzen duten langileen lanpostua kontsolidatzea.

  • Aldi baterako langileak kontsolidatzeko konpromisoa hartzea, eta lanpostu-kopurua eta prozesua bera (oinarri espezifikoak) sindikatuekin adosten direla ziurtatzea.