BIZKAIKO FORU ALDUNDIA EUSKARA

ELAk salatu du LEPen erdia euskararik gabeko langileekin bete nahi dituztela

2025/03/21
Langile publikoek sindikatu eta eragileen babesarekin euskararen aldeko elkarretaratzea egin dute Aldundiko Jauregiaren aurrean.

Aldundiak otsailaren 20ko Negoziazio Mahaian jakinarazi zuenez, aurrerantzean LEPetan eskainiko diren lanpostuen erdiek bakarrik izango dute derrigortasun data indarrean. Hala, beste erdia euskaraz lan egiteko gai ez diren langileek bete ahal izango dute

Erabakiaren berri eman eta gutxira gauzatu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak: batetik, sortutako plaza berrietan eta, bestetik, beste hainbat plazetan ere derrigortasun data berrikusi eta atzeratu egin dute. 

ELAk Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako erabakia onartuko ez duela jakinarazi du. Azken erabakiarekin, arduradun politikoek hizkuntza politikan norabidea aldatu eta euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen kontrako bidea hartu dute. 

Sindikatuaren ustez, euskararen normalizazioko atzerapausoak herritarren eta langileon eskubideetan izango dituzte ondorioak. ELAren arabera, Aldundian herritarren hizkuntza eskubideak urratu izan dira eta hemendik aurrera euskaraz ez dakiten langile gehiago hartuz arreta euskaraz bermatzea zailagoa izango da.

ELAk erabaki horren inguruan hausnarketa egitera deitu ditu arduradun politikoak. Sindikatuaren arabera, herritarron hizkuntza eskubideak behingoz bermatzeko neurriak lehenbailehen hartu behar dituzte. Euskararen normalizazioan atzerapauso gehiago onartu ezin direlako.