EUDEL

ELAk udal plantillen baldintzen murrizketei amaiera emateko exijitu du

2024/12/20
ELAk bost konpromiso politiko proposatu dizkio EUDELi, Udalhitz akordio berriaren negoziazioari begira.

EUDELeko batzorde eragileko kideekin bildu da ELA, eta bertan izan dira batzorde betearazlea osatzen duten alderdi politikoak (EH Bildu, EAJ, PSE eta independenteak). ELAk murrizketa politikak bertan behera uzteko beharra berretsi du, eta, ildo horretan, udal plantillen baldintzen gainbeherari amaiera emateko eta hobetzeko borondatea agertzeko eskaera egin du.

Azken asteotan EUDELeko parte diren Getxo, Trapaga, Etxabarri eta Asparrena udalak, beste behin ere, estatuko legeria, txosten juridikoak eta epaiak erabiltzen ari dira plantillaren baldintzak okertzeko, sinatutako akordioak ez betetzeko eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatea kaltetzeko. ELAk EUDELeko arduradunei exijitu die, hiru udal horietako arduradunekin batera, murrizketak atzean uzteko eta herritarrei beren erabakiekin kalte egiteari uzteko.

Udalhitz akordio berri bat negoziatzeko, ELAk bost konpromiso hartzea proposatu dio EUDELi:

Euskal Herrian lan baldintzak erabakitzea: EUDELeko batzorde betearazlea osatzen duten alderdiek lan baldintzak hemen erabakitzeko borondatea erakustea eta horri buruzko erabaki zehatzak hartzea.

Negoziazio berrirako oinarria 2008-2010ean adostutako Udalhitz izatea.

Aldez aurreko premisa gisa, EUDELek konpromisoa hartzea udal guztietan aplikatzeko, gutxienez, balizko negoziazio horretatik erator daitezkeen edukiak. Nolanahi ere, udaletan dauden negoziazio eta akordio prozesuak errespetatuz.

Balizko akordio hori etorkizunean betetzeko eta defendatzeko konpromisoa erakustea.

Gehiengoak errespetatzea.

EUDELen arabera, urtarrilean negoziaziorako lehen mahaia deituko da. ELAk argi du EUDEL eta udalak interpelatzen jarraituko duela, eta mobilizazioa bultzatzen jarraituko duela, kolektiboaren bizi eta lan baldintzak hobetzeko bidean bost proposamenak barnebildu ditzaten.