EUDEL (UDALHITZ)

EUDELek udal langileen lan baldintzak hemen erabakitzeko pausorik ez du eman

2025/01/22
Urtarrilaren 22an, EUDELeko batzorde betearazleak deituta, Udalhitz akordioaren negoziazio mahaia eratzeko bilera egin da. ELAk ez du parte hartuko estatuan adostutako murrizketak onartzen dituen Udalhitz baten negoziazioan. EAEko udal-langileen lan-baldintzak negoziatzeke daude 2010etik.

ELA aurretik EUDELeko zuzendaritzarekin edukitako bileretan adierazitakoan berretsi da. ELAk negoziazioan parte hartzeko borondatea du, baldin eta EUDELek eta horri atxikitako tokiko erakundeek behin betiko uzten badiote Madrildik markatutako murrizketak esparru horretako 28.000 langile baino gehiagori aplikatzeari. Bide horretan, ELAk mahai negoziatzailea eratzeko 5 premisa hauen inguruan idatzizko konpromisoa eskatu du:

  • Udalhitzen sorrerako espiritua berreskuratzea eta bide horretan EUDELeko batzorde eragileak eta beraien ordezkari politikoek (EAJ, EH BILDU eta PSE) udal langileen lan baldintzak hemen erabakitzeko borondatea argia erakusteaz gain, erabaki zehatzak har ditzatela. Konpromiso politikoa beharrezkoa da.
  • Aurretiazko premisa bezala EUDELen barne dauden udal erakundeak negoziaketa horrek ekarri dezakeen edukiak udal guztietan gutxieneko bezala aplikatzeko konpromisoa hartzea.
  • Beti ere, udal desberdinetan dauden negoziaketa eta akordio prozesuak errespetatuz eta inolaz ere zapuztuz,hau da baldintza hobeak dauden udaletan baldintza hauek errespetatuz. Horretarako udalak aurretiazko atxikimendua egin beharko dute.
  • Balizko akordio hori etorkizunean betetzeko eta defendatzeko konpromiso argia erakustea.
  • Balizko akordio hori gehiengoak errespetatuz izatea.

ELAk aurreko bileretan eskatutako baldintzen aurrean, EUDELeko Batzorde Exekutiboak (EAJ, EH BILDU, PSE) horiek aztertzeko eta proposamen bat ekartzeko borondatea adierazi zuen. ELAren harridurarako, ez da horrela izan, eta bileraren aktan adieraziko duten borondate politikoa ontzat ematen dutela esan dute. EUDELek adierazitakoaren aurrean, eta kontuan hartuta bileraren edukiak ez zetozela bat proposatutako premisekin, ELAk berretsi egin du bere eskaera, eta bilera utzi du.

ELAk argi du EUDEL eta udalak interpelatzen jarraituko duela, eta mobilizazioa bultzatzen jarraituko duela, udalek 5 premisak bere egin ditzaten, hori izango baita kolektiboaren bizi eta lan baldintzak hobetzeko bidea. Horregatik, sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute EUDELen aurrean.