EUDELek uko egin dio sindikatuekin biltzeari, udaletan dauden behin-behineko langileak kontsolidatzeko

2021/06/03
ELAk gogor salatu nahi du, EUDELek ez daukala inongo borondaterik udaletako milaka langile interinoen egoerari irtenbidea emateko, murrizketak aplikatzeko orduan hartzen duen iniziatibarekin alderatuta.

Zerbitzu publikoak indartu eta langile publikoak kontsolidatzeko azken hilabeteetan euskal instituzioetan martxan jarri dugun greba, mobilizazio, proposamen eta negoziazio dinamikaren barruan, Euskal Instituzioei bilera eskariak luzatu dizkiegu ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek. Hauen artean, Euskal Udalen elkartea den EUDELi.

EUDELek, bizkor erantzun du eta sindikatuok eskatutako bilerari uko egin dio. Honetaz gain, interinitatearen inguruan, EUDELek eskumenik ez duela eta udal bakoitzean, negoziazio kolektiboaren markoaren barruan tratatzeko gaia dela helarazten digu.

ELAk uste du EUDELek bilera honi uko eginez, udal administrazioko milaka langilerentzako ezinbestekoa den kontsolidazioaren gaia jorratu ere ez duela egin nahi.Honetaz gain grebarekin bat egin zuten udaletxetako milaka langilei entzungor egiten dio.

EUDELen erabakia oso larria da eta bere aurpegi bikoitza erakusten du. Berari ondo datorkionean, udalei negoziazio mahaiak ez zabaltzeko deia egiten die, baina sektorean ez du benetako negoziazio bat zabaldu nahi.Murrizketak aplikatu nahi dituztenean, udalei murrizketa horiek aplikatzeko gomendioak helarazten dizkie.

Udalhitz akordioak behin behinekotasuna % 6koa izan behar dela dio eta gaur gaurkoz udaletxetan behin -behinekotasuna % 40 koa da. EUDELek bere ardura ekiditzen du eta udal bakoitzean negoziatzera deitzen gaitu.

Honek, EUDELek berak sinatutako akordioak betetzeko daukan borondate eza baieztatzen digu, eta hainbat alditan esan dugun bezala, Negoziazio esparrua udal bakoitzean dagoela argi erakusten du eta arrazoi ematen digu.

ELAtik, euskal udal guztiei dei egiten diegu, egunero beraien udaletako zerbitzu publikoetan lanean ari diren langileen enplegua kontsolidatzeko neurri guztiak har ditzatela.

Era berean, udal langile guztiei dei egiten diegu, beraien udaletan, lan baldintzak hobetu eta lanpostu eta langileak kontsolidatzeko negoziazio mahaiak zabaltzeko helburuarekin mobilizazioak indartzera. Ildo honetan, larunbat hontan, Ekainak 5, hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzea ezinbestekoa da.

Udal bakoitzak dauka erantzunkizuna. Udal bakoitzean, nahi badute, egin daiteke! Gure helburua, kontsolidazioa eta sinatutakoa betetzea!