UDALTZAINGOA

Gasteizko buruaren izendapena baliogabetu dute genero diskriminazioagatik

2023/04/05
Epaiak dio Urtaran alkatearen gobernu taldeak “agintea desbideratu eta botere abusua” egin zuela emakume bat meritu lehiaketa bidez sar ez zedin, eta zuzenean izendatu zuen kargua.

Gasteizko Adminstrazio auzietarako lehen epaitegiak atzera bota du Gasteizko Udaltzainburuaren izendapena, emakume langile bat genero arrazoiengatik diskriminatua izan delako. Langile horri orain arte zegozkion ordainsari guztiak ordaindu beharko dizkio eta onartu dio lanpostua hornitzeko prozesuan parte hartzeko eskubidea. Gainera, epaiak dio Urtaran alkatearen talde gobernuak “aginte desbideratzea” egin duela izendapena egiterakoan.

Azken urteetan, Gasteizko Udaleko udaltzainburuaren lanpostua deialdi publiko baten bidez esleitu da. Horrela, Gasteizko udaltzainek, karrera profesionala kontuan hartuta egin izan dute gora aginte katean, Gasteizko udaltzaingoan hainbat lanpostuetan lan egin ondoren. Aurreko sistema jarraitu balitz, azpikomisario zen emakume batek bakarrik betetzen zuen udaltzainburu izateko baldintzak. Baina emakumeak baino kategoria baxuagoa zuen gizon bat izendatu zuen Udalak. Gainera, lanpostu hori betetzeko Udalak egindako aldaketa ontzat emanda ere, deialdi publiko bat egin behar zen eta Udalak ez zuen egin. Aitzitik, lanpostua aldebakarrez esleitu zen.

Udaltzaingoko emakume azpikomisarioak ezin izan zuen prozesuan parte hartu ere egin. Horregatik, ELAko Zerbitzu Juridikoen bitartez epaitegietara jo zuen eta epaiak honako hau dio: errekurtsoa aintzat hartu behar da genero diskriminazioa eta berdintasun, mereizmendu eta gaitasun printzipioak ez direlako betetzen. Izan ere, Gasteizko udaltzaingoan komisario lanpostua betetzeko baldintzak betetzen zituen pertsona bakarraren karrera profesionala kaltetu zen, emakumea zena, eta boterea desbideratzea dakarten administrazio jarduketen segida baten bidez gauzatu zen.

Zentzu horretan, egungo udaltzainburuaren izendapena bertan behera utzi du eta lanpostu hori gardentasunez konbokatu behar dela esan du epaiak, “boterearen abusoa” egotziz Udalari. Era berean, ebatzi du emakume langileari urte guzti horietan (2022ko apirilaren 1etik hona) eta lehiaketa ebatzi arte, udaltzainburu gisa egokituko litzaizkion soldatak eta osagarriak ordaindu beharko zaizkiola.

ELArentzat oso larria da Gasteizko Udalak egindakoa. Udaltzaingoa bezain maskulinizatuta dagoen instituzio baten baitan, izendapen libre eta erregularizatu gabekoak emakumeen kalterako izan ohi dira, kasu honetan argi geratu den moduan. Horrelako praktikak ez dira onargarriak lan munduan, eta are gutxiago administrazioaren partetik. Horregatik, ELAk administrazioei eskatzen die “puntu moreaz” harago doazen parekidetasunaren aldeko politika eta neurri eraginkorrak martxan jar ditzatela.

ELAk tinko jarraituko du salatzen enpresek eta batez ere administrazio publikoek emakumeen aurka eragiten dituzten diskriminazio egoerak, eta horiei aurre egingo die administrazio publiko justu eta parekideago bat lortzeko.