Greba EAEko udaletan urriaren 8an
Udalhitzen negoziazioak hasi zirenetik bi urte eta hilabete gutxi igaro direnean, eta negoziazioan aurrerapenik ez dagoenez, ELAk eta LABek greba deitu dute urriaren 8an EAEko udaletan. Sindikatuek adierazi dute oraindik falta dela eduki garrantzitsu batzuetan sakontzea: erosahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak; euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko neurri zehatzak; azpikontratatutako langileen subrogazio eskubidea bermatzea; lanaldia gehiago murriztea; edota txanda kontratua eta plantilla gaztetzeko planak. Oraindik gatazka konpondu gabe egon arren, azken negoziazio mahaitik, uztailaren 6tik, ez da proposamen berririk izan.
Gauzak horrela, bi sindikatuek zuzenean eskatu diete Eudel osatzen duten alderdiei -EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak- negoziatzeko eta udal langileen lan baldintzak beren politiken erdigunean jartzeko.
ELAk eta LABek uste dute urte asko daramatzatela udaletako langileen lan-baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe, eta ondorioz, baldintzak gero eta okerragoak direla. Duela ia bi urte Udalhitzen mahaia eratu zen 2010etik egiteke zegoen akordioa berritzeko. Bitartean, Udalhitz hitzarmenetik kanpo dauden udalen hitzarmenen negoziazioan egoera bera da, eta, oro har, ez da egon akordio integral bat lortzeko eta hitzarmen kolektibo osoa berritzeko aukerarik.
Apiriletik, ELAk eta LABek greba eta mobilizazio dinamika bat jarri zuten martxan sektorean. Hala, bi orduko lanuzteak egin zituzten apirilean, eta egun osoko bi greba deitu zituzten maiatzean eta ekainean; jarraipen handia izan zuten grebek.
Greba, lanuzte eta mobilizazio horiei esker, alderdi politikoek zenbait eduki helarazi zizkioten negoziazio mahaiari. Zoritxarrez, sindikatuek deitoratu dutenez, sektorearen aldarrikapen asko ez dira oraingoz mahaira eraman. "EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Alderdi Independenteek ez dituzte beharrezko pausoak eman negoziazio mahaietan", adierazi dute.