Lakuako sukaldeko garbitzaileek (Made for Success azpikontrata) salatu dute pairatzen duten prekarietatea, eta Eusko Jaurlaritzari jarduteko eskatu diote

2022/02/15
Lakuako jantokia garbitzen duten Made for Succes azpikontratako langileek salatu dute duela bi urtetik hona jasaten duten prekarietate-egoera eta hitzarmen kolektiboa behin eta berriz ez betetzea. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bere etxean lan egiten ez uzteko.

Eusko Jaurlaritzak Made for Succes enpresari esleitu zion Lakuako instalazioetako jantokiaren garbiketa 2019ko abenduan. Orduz geroztik, hitzarmena etengabe urratu da, eta Eusko Jaurlaritzan eta Lan Ikuskaritzan salatu dira.
2020ko ekainean bilera eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, baina ez zuen erantzunik eman.
Egoerak okerrera egin duenez, enpresa-batzordeak bilera eskatu dio berriro Eusko Jaurlaritzari, baina orain arte ez du erantzunik eman.

Langile guztiak emakumeak dira, lanaldi partzialetan, eta prekarietate kronikoa jasaten dute.
Soldatak kobratzen dituzte 20 egun baino gehiagoko atzerapenarekin, gutxi, gaizki eta berandu.
Era berean, bi urte hauetan enpresak ez die laneko arroparik eman, eta diru hori (publikoa) aurreztu du, legez kanpoko etekina lortuz, Eusko Jaurlaritzaren pasibotasun eta geldotasunaren aurrean.