Lanuzte eta mobilizazio garrantzitsuak EAEko udal eta foru administrazioan

2018/02/28
ELAk eta LABek Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta foru administrazioan deitutako lanuzte eta mobilizazioek jarraipen zabala ian dute. Deialdiak hiru helburu izan ditu: zerbitzu publikoak garatzea, enplegu publikoaren alde egitea eta negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratzea.

Elur eta hotz denboraleari eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoei aurre eginez EAEko Udal eta Foru Aldundietako langileen mobilizazioak oso jendetsuak izan dira. Hain zuzen, denboraleak instituzioen zein lanuzteen funtzionamenduan eragina izan du. Izan ere, brigada, teknikari edo kale langileek ezin izan dute lanuzterik egin egoerak hala eraginda lanean egon behar izan dutelako. Talde hauei, Udaltzaingoko eta Suhiltzaileen kolektiboak gehitu behar zaizkie, lanuzterik egin ezin dutenak. Honek adierazten du, udal eta foru aldundietatik eskaintzen diren zerbitzu publikoak ezinbestekoak direla eta horrelako trataera izan behar dutela.

Denboraleak ez du bere zabaltasunean erakutsi ahal izan udaletako eta foru aldundietako langileen mobilizazioa; hiriburuetan deitutako manifestazioak bertan behera utzi behar izan dira, eta ezin izan da erakutsi kalean asanbladatan lanuztera atxikitzeko hartutako erabakiak. Horrela ere, ELAk lanuztea mantentzeko erabakia hartu du eta kontzentrazio garrantzitsuak egin ditugu udaletxe eta Foru Aldundien aurrean.

ELAk langileei eskertu nahi die azken asteetan egindako asanbladatan, mobilizaziotan, informazio banaketetan... erakutsitako gertutasuna. Honek argi erakusten du ELAk marrazturiko bideak langileen babes sendoa daukala sektorean.

ELAk, langileek erakutsitako babesarekin, lanean jarraituko du ondorengo aldarrikapenekin:

  • Zerbitzu publikoak garatu.
  • Galdutako enplegu publikoa errekuperatu eta gaur egungoa egonkortu.
  • Galdutako erosahalmena eta eskubideak berreskuratu. Hitzarmenak bete.
  • Instituziotan ofentsibako negoziazio kolektiboa aktibatu.

Ez dago beste biderik, instituzioz instituzio antolatu eta borroka egin behar dugu.

Mobilizazio berriak deituko ditugu, eta espero dugu, eguraldiak, mobilizazio hauek normalki egin ahal izatea baimentzea.