Markel Olanok hitzarmenik gabeko sektoreen %10en barruan mantentzen ditu Gipuzkoako egoitzak

2020/11/06
Gipuzkoako Foru Aldundia herrialdeko patronalik txarrena da: azken hilabeteetan akordioa posible izan da sektore industrial maskulinizatuetan, baina ez emakumeek osaturiko zerbitzu publiko batean.

Gipuzkoako egoitzetako langileek hainbat hilabete daramatzate sektoreko hitzarmena berritzea aldarrikatzen (244 greba egun), eta gaur ekintza bat egin dute Aldundiaren aurrean, bere lantokien arduraduna baita (zerbitzu publiko pribatizatua da). Bertan, azpimarratu dute "gatazka honen arduradun nagusia Markel Olano ahaldun nagusia" dela, duela hilabete batzuk ELAk eta patronalek (Adegi eta Matia) aurretik lortutako akordioa bertan behera utzi baitzuen.

Olanok laneko prekarietate eta diskriminazio egoeran mantentzen ditu 5.000 langileak, Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) onartzen du EAEko soldatapeko pertsonen %90ek badutela hitzarmena, baina Gipuzkoako egoitzak salbuespen larria dira, are nabarmenagoa Metalaren, Eraikuntzaren eta Arte Grafikoen arloan berriki hartutako akordioak kontuan hartzen badira. "Ezin da kasualitatea izan hitzarmenik ez duten pertsonen %10ek Gipuzkoako egoitzetako langileak direla, emakumeak eta Aldundiaren menpeko zerbitzu bateko soldatapekoak".

Horrek erakusten du "Gipuzkoako Foru Aldundia, Markel Olano buru dela, lurraldeko patronalik okerrena dela, bere langileak okerren tratatzen dituena: posible da lan-baldintzak hobetzea sektore industrial maskulinizatuetan (Metala, Eraikuntza, Arte Grafikoak), baina ez egoitzetan, eta arrazoi nagusia gure patronalak, Olanok zuzentzen duen Aldundiak, milaka langileko kolektibo baten aurka duen jarrera da; emakumeak izateagatik, gure lana balio txikiagokotzat jotzen du".