UDALHITZ BERRITZEA

Negoziazio mahaia eratu da ELAren proposamenak onartu eta gero

2025/04/11
Negoziazioak sektoreko 28.000 langileri eragingo die. ELAk %50etik gorako ordezkaritza izango du. Mahaia osatzeaz gain, lehen bilera data ezarri da maiatzaren 30erako.

UDALHITZ berritzeko negoziazio mahaia eratu da, alegia, EAEko udal langileen lan baldintzak arautzen dituen esparru akordioa berritzeko bideari ekin zaio. Izan ere, 2010etik dago berritzeko zain. Bilera apirilaren 10ean egin zuten EUDELek eta sindikatuek. ELAk %51ko ordezkaritza izango du mahaian.
ELAk urte asko daramatza aldarrikatzen konpondu behar dela udaletako 28.000 langileek pairatzen duten lan baldintzen gainbehera. Hain zuzen, horretarako deitu ditu mobilizazioak eta grebak, besteak beste, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua kontsolidatzea aldarrikatzeko, plantillen gazteberritzea eskatzeko eta pribatizazioarekin amaitzeko.

Urtarrilaren 22an egin zen lehen bileran, ELAk proposatu zuen premisa batzuk adostu behar zirela akordioaren negoziazioak bermea izan zitzan. Ez zen, ordea, kontuan hartu. Hori dela eta, ELA mahaitik altxatu zen, eta ez zen mahaia eratu. Apirilaren 10ean egindako bileran, ordea, EUDELek onartu du premisa horiek adostea. Honako hauek dira:

  • UDALHITZen sorrerako espiritua berreskuratzea eta bide horretan EUDELeko batzorde eragileak eta beraien ordezkari politikoek ( EAJ, EH BILDU eta PSE) udal langileen lan baldintzak hemen erabakitzeko eta hobetzeko borondate politiko argia izatea udal langileen lan baldintzak hemen erabaki daitezen.

  • Negoziazioaren oinarria, gaur egun indarrean dagoen 2008-2010 Udalhitz akordioa izatea.

  • EUDELen barne dauden udal erakundeak negoziaketa horrek ekarri ditzakeen edukiak udal guztietan gutxieneko bezala aplikatzeko konpromisoa hartzea. Beti ere, udal desberdinetan dauden negoziaketa eta akordio prozesuak errespetatuz eta inolaz ere zapuztuz, hau da, baldintza hobeak dauden udaletan baldintza hauek errespetatuz.

  • Balizko akordio hori etorkizunean betetzeko eta defendatzeko konpromiso argia erakustea.

  • Balizko akordio hori gehiengoak errespetatuz izatea.

ELAk nabarmendu nahi du EUDELek onartu izana sindikatuaren ustez garrantzitsuak diren premisa horiek protokolo batean adostea, negoziazio prozesuak bermeak izan ditzan. Mahaia eratzeaz gain , lehen bilera data ere ezarri da: maiatzak 30. Jada protokoloa adostuta, lan-baldintzei buruzko negoziazioa jarriko da martxan. Negoziazio horretan, ELAk langileen aldarrikapenak babestuko ditu; erosahalmena berreskuratzea, lanpostu publikoak kontsolidatzea, plantillak gaztetzeko neurriak adostea, lan osasuna bermatzeko neurriak eta kontziliazio neurriak, besteak beste.