Udaltzainak plantillaren %25 gutxiagorekin lan egitera behartzen dituzte EAEko udalek eta Eusko Jaurlaritzak

2019/12/05
ELAk mobilizazioak iragarri ditu Arkauten eta udaletan, “udaltzaingoak bizi duen egoera larriari irtenbidea emateko, behingoz lanpostuak betetzeko eta enplegua egonkortzeko neurriak martxan jar daitezen exijitzeko”. Salatu duenez, Udalek eta Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorioz, EAEko Udaltzaingoan “izugarrizko utzikeria eta prekarizazioa dago, %30eko behin-behinekotasuna eta Arkauten formakuntza jasotzen ari diren eta 600 euroko soldata besterik jasotzen ez duten poliziak”. Udalak Jaurlaritzaren presio eta aginduei men egiten ari direlako kexu da sindikatua. Gehitu duenez, egoera jasanezin horrek eragin zuzena dauka langileen lan- eta bizi-baldintzetan, eta batez ere, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoan.

ELAko arduradun Ekaitz Ojangurenek Udaltzaingoak egun bizi duen egoeraren zenbait datu eskaini ditu:

Langileri falta larria

ELAk salatu duenez, Udaletako agintariek EPE propioak egiteari uko egin diote. Ildo beretik, langile asko erretiroa hartzear daudela jakinda ere, ez dago inongo aurreikuspenik plaza horiek ordezkatzeko. Horrek udaletxeetan langileria falta izatea eragin du. “Udalek ematen diguten irtenbide bakarra EPE bateratua edo bitarteko langileen lan poltsak dira. Neurri hauek, argi dago, ez dira baliagarriak izaten ari”. Datuak luzatu dituzte.

Zarautzen lanpostuen %25 bete gabe dago; Basaurin %24; Abadiñon %44; Pasaian %24; Sopelan %29; Ordizian %33; Azkoitian %26; Gorlizen %30; Leioan %23; Laudion %22; edo Irunen %25 (sistematikoki %25 bete gabe dago). “Eta horrela EAEko udal ia guztietan”, gehitu dute.

%30eko behin-behinekotasuna

ELAk baieztatu du EPE bateratuek ez dutela lanpostuak egonkortzeko balio izan, are gutxiago langileak egonkortzeko. “Bitartekotasuna mugitzen edo banatzen ari da, eta berau %30 inguruan mantentzen da”. Luzatutako datuen arabera, Bilbo eta Gasteizen ez dago bitarteko langilerik Udaltzaingoan, baina Donostiako Udaltzaingoan %20 inguruko behin-behinekotasuna dago. Bestela, lanpostuak beteta dauzkaten udaletan, behin-behineko langileen tasa %30etik gorakoa da: Etxebarrin %67; Trapagan %57; Zarautzen %65; Abanton %42; Ortuellan %43; Eibarren %33; Azkoitian %3; Zornotzan %31...

Lan baldintzen okertzea

Udaltzaingoan dagoen langileri faltak eta behin-behinekotasun tasa altuak langilegoaren lan baldintzetan eragin zuzena daukatela ere salatu du ELAk:

  • Aparteko lan orduak eta txandak bikoiztea. Honek langileentzat dituen ondorio guztiekin (lan arriskuak eta arrisku psikosozialak), eta baita zerbitzu publikoan dauzkan ondorioekin ere.

  • Lizentziak, baimenak, oporrak... ukatzea.

  • Udaltzain laguntzailearen figura sortzea; Udaltzainek dauzkaten funtzio berdinak egin ezin izango badituzte ere, azkenean, udaltzainetan langilego faltari erantzuteko erabiliko dute, beti ere, soldata eta lan baldintza askoz baxuagoekin.

Formakuntza Arkauten: Lanbide Arteko Gutxieneko soldata baino gutxiago jasotzen

Arkauten formakuntzan dauden Udaltzaingoko langile askok Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino gutxiago kobratzen dutela azaldu du sindikatuak.

“Udaletan dauden lan-hitzarmenak errespetatuz, langileei dagozkien soldatak ordaintzen ari diren udalek Eusko Jaurlaritzaren presioak jasan dituzte oinarrizko soldata bakarrik ordaintzeko. Hilabetero 600 euro kobratzen dituzte, eta egunero Gasteizera joan etorriak beraien gain hartu behar dituzte. Edo bestela, akademiatik gertu egon ahal izateko logela bat alokatu behar izaten dute eta soldata horrekin gastu guztiak ordaindu”.

ELA kexu da egoera hau salatu duenean, Arkauteko ordezkariak emandako erantzunagatik. "Hauek ez dira langileak eta ondo ordainduta daude oinarrizko soldatarekin".

Egoera larri honen aurrean, ELAk zera exijitu die euskal udalei: lehenbailehen udal bakoitzean hutsik dauden lanpostu guztiak betetzea, herritarrek dituzten beharrak kontuan hartuta; egonkortze prozesuak martxan jartzea, bitartekotasuna %7ra jaisteko; murrizturiko lan baldintzak berreskuratzea eta benetako Negoziazio Kolektiboa abian jartzea; eta gertuko polizia eredu baten alde egitea.