Negoziazioan aurrerapausorik ez dagoela salatu dute Bilbon
ELAk adierazi du azken urteetan okerrera egin duela Euskal Autonomia Erkidegoko udal langileen egoerak, lan kargak handitu direlako, erosteko ahalmena galdu delako eta laneko osasunaren prebentzioan gabeziak daudelako, baita euskararen erabileran atzerapausoak eman direlako eta zerbitzu publiko batzuen pribatizazio prozesuek jarraitu dutelako.
Sindikatuak deitoratu du Udalhitz negoziazioa hasi zenetik urtebete baino gehiago igaro arren ez dela aurrerapausorik izan. Ildo horretan, gogorarazi du otsailaren 27an seigarren negoziazio mahaia egingo dela, “plantillen aldarrikapenei erantzuten ez zaien eta egoera aldatzeko borondate politikorik ikusten ez den” testuinguruan.
ELAk urrian bultzatu zuen mobilizazio dinamika sektorean lan baldintza hobeak defendatzeko, eta ia 4.000 atxikimendu lortu ditu; negoziazioan aurrerapausorik ez dagoela ikusita, 2026an plantillen mobilizazioa indartzeko deia egin du. Era berean, martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorra gogorarazi eta babesa adierazi du, gutxieneko soldata eta lan baldintzak erabakitzeko gaitasuna aldarrikatzeko aukera izango delakoan.