11 pertsona kaleratu nahi dituzte Zaratamon greba egiteagatik zigortzeko
2026ko ekainaren 30ean, Aragoiko kooperatibak eskutitz bidez jakinarazi zien Zaratamoko 11 langileri -guztiak ELAko afiliatuak, enpresak ezagutzen zituenak- 2026ko abuztuaren 1etik aurrera Zaragozako instalazioetara nahitaez lekualdatzea ezartzen zitzaiela. Enpresak alegatu duenez, "Zaratamoko pabiloia txiki geratu da".
Hala ere, ELAk uste du helburua 11 pertsona horien kaleratzea behartzea dela, Zaragozara joatea edo lan-kontratuak bertan behera uztea ezartzen dielako, legezko kalte ordain minimoaren truke. “Aldez aurretik hartutako erabaki bat da eta greba egin zutenak zigortzea du helburu neurri horrek”, ohartarazi du sindikatuak.
Kooperatibak kaltetuei jakinarazi zien uztailean ordaindutako baimena izango dutela, eta sindikatuak uste du hori grebarako eskubidea eragozteko modu bat dela.
CCOO langileen ordezkaria da, 2023an greba amaitzeko akordioa lortu eta gutxira egindako hauteskunde sindikalen ondoren. ELAko grebalariak oporretan zeudela hasi zen prozesua. Horregatik, ELAk CCOOri eskatu dio defenda ditzala lekualdatu nahi dituzten pertsonen eskubideak eta gelditu dezala zuzendaritzaren planteamendua.
2023ko martxoan, Grebaren Amaierako Akordioa lortu zuten ELAk eta Novaltiako Zuzendaritzak. Akordioak Novaltia Bizkaiako langile guztien lan- eta soldata-baldintzak nabarmen hobetzea ekarri zuen (grebarekin bat egin ez zuten pertsonak barne). Grebari amaiera eman zion akordioaren barruan, enpresak konpromisoa hartu zuen 2025eko abenduaren 31ra arte enplegua bermatzeko eta 3 urte baino gehiago iraun zuen lan gatazkarekin lotutako kaleratze neurririk ez hartzeko.