“Aiaraldeak borrokan jarraituko du eskualdearen etorkizunaren alde”

Aiaraldeak etorkizuna du, eta bertako herritarrek eskualdean duintasunez lan egin, ikasi eta bizi nahi dute. Horregatik ekainaren 2rako lanuzteak eta mobilizazioak deitu dituzte ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek. Izan ere, egoera larria bizi dute Aiaraldeako bizilagunek. Horren lekuko dira enpresa itxierak, kaleratzeak eta sektore guztietan ematen ari den lan baldintzen prekarizazioa. Lanuzte eta mobilizazioek jarraipen oso zabala izan dute; horren lekuko mobilizazio ezberdinetan parte hartu duen jendetza.
Laudioko ekitaldiaren ostean Sergio Vázquez mintzatu da, Ibaizabal-Nerbioi eskualdean ELAk duen arduradunak. Lantokiak geratu eta kalera atera diren pertsona guztiei esker ona adierazi die. “Kezkaz bizi dugu eskualdearen etorkizuna, nola ez, baina itxaropenerako mezua ere utzi nahi dugu. Amaiera ekitaldian irakurri den agirian aipatu den bezala, argi ikusi da zein den eskualde honen indarra. Gure lanpostuak defendatzen jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala”.