AIARALDEA

Aiaraldeako Industrializazioaren aldeko Mahaiak helburu propagandistiko hutsa du

Aiaraldeako Industrializazioaren aldeko Mahaiak helburu propagandistiko hutsa du
EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuek ez dute sakoneko aldaketarik eragin nahi bere politika ekonomiko eta industrialetan. Horregatik ELAk ez du parte hartuko politika neoliberalak legitimatzea helburu duen eztabaida foro batean. Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak ez du ELArekin bilera bakar bat ere izan eta ez du bere iritzia jasotzeko inoiz interesik izan; mahai honetan sindikatuaren parte-hartzea bilatzen du gizartea entzuten duenaren itxurak egiteko.

ELAk ez du Elkarrizketa Sozialeko mahaietan parte hartzen, mahai horien helburua politika neoliberalak eta pribatizatzaileak kontsentsu sozialaz aplikatzea baita. Horrelako foroetan ELAren parte-hartzea helburu propagandistikoekin erabilia izaten da, politika neoliberalen inposaketa parte-hartze sozialarekin eman denaren itxurak egiteko, ELAren iritzia kontuan hartu gabe.

ELAk ez du inongo zantzurik Arabako Aldundian industria politikan sakoneko aldaketarik eragin nahi dela pentsatzeko. Are gehiago, Aiaraldeako enpresa nagusien gatazketan Arabako Aldundia sistematikoki langileen ordezkaritzaren aurka kokatu izan da: Tubacex, Glavista, Guardian, Maderas de Llodio...

ELAk Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiaren gonbidapena jaso du azaroaren 26an Aiaraldeako Industrializazioaren aldeko Mahaian parte-hartzeko. Antzeko beste kasu batzuetan bezala, deitzaileek ez dute argitu zein eragile gonbidatu duten edo eztabaida foro horretarako lan-metodologia zein izango den. Instituzioen ohiko jarduera da azaldutakoa; modu honetan nahi dituzten ondorioak egiten dituzte publiko eta beren proposamenekin erabat kritikoak garen eragileak erabili egiten dituzte eztabaida irekiak egin izanaren itxurak egiteko.

ELA prest dago Ramiro Gonzalezekin biltzeko eta bere iritzia eskaintzeko, Ahaldun Nagusiak hala nahi badu, baina ez du onartuko sindikatua erabilia izan dadin interes alderdikoiei mesede egiteko. Ondorioz, ELAk ez du parte hartuko aipaturik Mahaian.