KALE GARBIKETA (GALDAKAO)

Akordioak KPIa bermatzen du soldata igoeretan

2024/04/15
ELAk akordioa lortu du Galdakaoko kale garbiketan. Enviser eta Serkom enpresek osatutako Andra Mari UTErako lan egiten dute langileek, eta Galdakaoko Udalari ematen diote zerbitzua. Langileek urtebete zeramaten Andra Mari UTEarekin hitzarmena negoziatzen. Urte horretan, enpresak KPIa baino askoz soldata eguneratze txikiagoak eskaintzen zituen, negoziazioa ahalik eta gehien atzeratzea saiatuz. Egoera horren aurrean, ELAk 15 eguneko greba deialdia egin zuen, apirilaren 15etik aurrera. Grebaren bezperetan, ELA eta enpresa akordio batera iritsi ziren.

ELAk positibotzat jotzen du akordioa, besteak beste, KPIa bermatzen delako. Gainera, mobilizazioaren garrantzia azpimarratzen du: 15 greba egun deitu zirenean bakarrik lortu zen akordioa. Azkenik, ELAk positibotzat jotzen du Galdakaoko Udalak gatazkaren konponbidean izan duen esku hartzea.