Arcelor Mittal-eko lantegietako etorkizuna bermatzeko premiazkoa da inbertsioak nabarmen handitu eta plantilla zaharberritzea

2019/01/08
ELAren aburuz ezinbestekoa da pertsonala kontratatzea eta plantilla zaharberritzea. Errelebo-kontratua erabilgarria da horretarako, eta erreleboa utzi duena zein hartu duena plantilla berekoak izan behar dira. Arcelor Mittal-eko langileen adin-piramideak, batez ere lantegi batzuetan, argiro erakusten digu zein den zuzendaritzaren apustua: oraingo langileak arian-arian erretiratu arte itxarotea.

Orain dela gutxi ezagutu dugu enpresak berak zabaldutako ekonomia-balantzearen laburpena:

- Punta-puntako emaitzak 2018an. EBITDA 2018ko lehen 9 hilabeteetan 2017 osoko mailara iritsi da (8.300 milioi euro). Negozio-bolumena %13 hazi da.

- Datu horiek eta 2018an egindako inbertsioak kontrako muturretan daude, inbertsioak gutxieneko mailetan mantendu baitira.

ELAk behin eta berriz agertu ditu bere kezkak azken urteotan, eta salatu ere egin du Arcelor Mittal-en jokabidea. Izan ere, Mittalek Arcelor 2006an eskuratu zuenetik langile-kopurua erdira jaitsi da Europako lantegietan.

Zuzendaritzak lantegiak ixteko eta plantillak gutxiagotzeko eraman duen politika horren baitan Euskal Herria ez da salbuespena izan. Arestian Zumarragako lantegia itxi dute; eta bestalde Zuzendaritzak ez ditu ordezten erretiroa hartzen duten langileak, eta albait lan gehiena azpikontratatzen du.

Orain dela egun gutxi Madrilen, ERTE baten beste luzapen bat adostu dute Estatuko sindikatuekin (CCOO, UGT eta USO). ERTE horren arrazoiak 2009 urtetik datoz, eta behin eta berriz luzatu izan dute, nahiz eta oraingo ekonomiaren egoera orokorrak eta zehazki enpresa-taldearenak zerikusirik ez izan orain dela hamar urte zegoenarekin. ERTE hori 3 urte gehiagorako hitzartu zen. Eta enpresak behar duen neurrian erabiltzen du opari hori, malgutasun osoaz eta nahierara.

Enpresaren Zuzendaritzak gorago aipaturiko ERTEa erabiltzea proposatu du. Albiste txarra izan da guretzat, argi geratu da berriro enpresaren jardunbidea nolakoa den: batetik etekinak sortu eta berarentzat gordetzea, eta bestetik arazoak gizarteratzea, langileen eta kutxa publikoen kontura.

Azkenik ELAk azpimarratu nahi du:

- Premiazkoa da Euskal Herriko lantegien etorkizuna bermatzea, inbertsioa nabarmen handituz; zeren, egiaztatu gunez, zenbait lantegitan hamar urtezdu baino gehiagoz ez baita inbertsiorik egin.

- Enpresako langileen adin-piramideak, batez ere lantegi batzuetan, argiro erakusten digu zein den Zuzendaritzaren apustua: oraingo langileak arian-arian erretiratu arte itxarotea.

- Ezinbestekoa da pertsonala kontratatzea, eta plantilla zaharberritzea. Errelebo-kontratua erabilgarria da horretarako, eta erreleboa utzi duena zein hartu duena plantilla berekoak izan behar dira.

- Gasteizko eta Iruñako gobernuek konpromiso sendo bat eskatu behar diote Arcelor Mittali, Euskal Herriko industriaren alde. Enpresa horrek azken urteotan gure herriko erreferentziazko enpresa batzuk desindustrializazio-prozesuan sartu ditu, eta gobernuek badakite horren berri. Hori dela-eta, guk ekinbide ausartak eskatzen dizkiegu herri-administrazioei; zeren, norabidea aldatu ezean, arduradun politikoen betiko leloa entzun beharko dugu enpresak itxiera traumatikoa mahai gainean jarriko duenean, Zumarragan gertatu zen bezala.