KALE GARBIKUNTZA (GALDAKAO)

Bi asteko greba apirilaren 15etik aurrera

2024/04/04
Galdakaoko kale garbitzaileek (33 langile guztira) bi asteko greba deitzea erabaki dute apirilaren 15etik aurrera. Langileek Enviser eta Serkom enpresek osatua Andra Mari ABEErako egiten dute lan, eta Galdakaoko Udalari ematen diote zerbitzua.

ELAko ordezkariek urtebete baino gehiago daramate enpresarekin hitzarmena negoziatzen. Enpresak KPIa baino soldata eguneratze askoz txikiagoak eskaintzen ditu, eta negoziazioa ahalik eta gehien atzeratzen saiatzen ari da.

ELAk langileen erosteko ahalmena defendatuko du, eta negoziazioa blokeatuta dagoenez, langileek 15 greba egun deitu dituzte. Era berean, Galdakaoko Udalari, zerbitzuaren kontratatzaileari, bitartekari lanak egiteko eskatu dio sindikatuak, langileei KPIren araberako soldatak bermatzeko.