CCOO, UGT eta USOk Sidenorren sinatutako akordio markoak zuzendaritzari bakarrik egingo dio mesede

2021/12/07
Sidenorreko zuzendaritzak eta CCOO, UGT eta USOk sinatutako esparru akordioa errefusatu du ELAk, langileak are gehiago pobretuko dituelako, enpresaren mesedetan. ELAk hasieratik iragarri zuen Estatuko sindikatuek esparru akordio berri bat sinatuko zutela zuzendaritzak planteatzen zituen edukiekin. Sindikatuak deitoratu duenez, CCOO, UGT eta USOk negoziazioa gogorra izan denaren irudia zabaldu nahi izan badute ere, zuzendaritzak planteatzen zituen edukiak sinatu dituzte, besterik ez.

Honako hau da ELAren balorazioa:

  • Egungo KPIa % 5,6an dago, eta % 2,5eko igoera adosteak pobreago egingo ditu langileak. Igoera txiki hori apaldu nahi da 1.000 euroko ordainsari batekin 2022an, baina ez da finkatuko, beraz, datorren urtean baino ez da ordainduko. Hurrengo urteetarako igoerak oso txikiak dira, eta KPIa handiagoa bada, aldea ordainduko da 2027an. Gainera, KPIak handia izaten jarraitzen badu eta % 10eko igoera gainditzen badu, 5 urte barru bakarrik finkatuko da igoera hori. Soldaten bidez enpresa finantzatzen ari dira langileak, lehengaien garestitzea eta elektrizitatearen igoera ordaintzen. “Eskandalu hutsa da”.

  • Azken urteetan, CCOOk, UGTk eta USOk sinatutako akordioei esker, gero eta baldintza okerragoak daude Sidenorren. Soldata txikiagoa, lanaldi luzeagoa eta eskubide gutxiago. Lanaldia murrizten hasteko garaia da, ordea. Baina sinatzaileek ez dute hala jokatzen: irekiera egun batean bakarrik jaitsiko dute jarduna, 2025ean. Gainera, gehiegizko malgutasuna berdin mantentzen da, eta enpresak egutegiak ezartzeko gaitasunari eusten dio.

  • Kontratazio iruzurra etengabea da Sidenorren. Lankide batzuek urteak daramatzate behin behineko gisa lanean, iruzurrezko kontratu batekin. Esparru akordioaren bidez, 5 urtean 200 kontratu mugagabe egitea proposatzen da. Kopuru horrek, hain epe luzean, iruzurra finkatzen du, eta ez dio inolako betebeharrik sortzen enpresari.

  • Bost urtez izango da indarraldian. Akordioa negargarria bezain luzea da, orain hamarkada ezarritako murrizketak betikotzen ditu.

Gauzak horrela, ELAk ez ditu eduki horiek onartzen. Bide beretik, gogorarazi nahi du akordio markoak ez duela legezko baliorik eta enpresako hitzarmenetan ezin direla eduki horiek berretsi.

Horregatik guztiagatik, langileen eskubideak defendatzen jarraituko duela adierazi du sindikatuak.