VULCANIZADOS ZULOAGA
EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du aldi baterako lan erregulazioa bertan behera uzteko epaia

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2023ko apirilean planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea, ez baitu ekoizpen kausa autonomorik ikusi, baizik eta plantillak urte eta erdian egindako grebarekin lotura duela dio epaiak. Beraz, Lan Arloko Epaitegiak jada ezarritako 25.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio enpresak ELAri kalte moralengatik.
Bestalde, Bilboko Lan Arloko Epaitegiak ere baliogabetzat jo du ELAko afiliatu baten kaleratzea, Vulcanizados Zuloagak langile horren eta beste zazpi langileren aurka greba egiteagatik hartutako neurria dela iritzita.
Gogora dezagun 2023ko irailean Vulcanizados Zuloaga enpresak zortzi langile kaleratu zituela, guztiak ELAko afiliatuak eta greba egindakoak. ELAk beste epaiketa bat irabazia du ildo berean beste lankide baten kaleratzeagatik. Beraz, hau da bigarrena, eta epaiak berriro behartzen du enpresa kaleratuak berriro hartzera, eta kaleratze egunetik aurrera ordaintzera soldata. Era berean, erantzukizun solidarioa ezartzen du Vulcanizados Zuloaga eta Zuloaga Auto Recambios enpresen artean, biak Vulcanizados zuzentzen duen familia berarenak baitira, eta bi enpresak 20.000 euroko kalte morala ordaintzera kondenatzen ditu, modu solidarioan, epaiketa irabazi duten bi langile kaleratuei.
Azkenik, ELAk gainerako kaleratuak berehala berriz hartzeko exijitu du, eta enpresari askatasun sindikalaren aurkako erasoak eteteko.